Maiatzaren 30ean izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, eta gaur zabalduko dute izenematea

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 11

Zenbait korrikalari, joan den urtean, lasterketa hasi berritan.

14garren edizioa izango du lasterketak, ohiko ibilbidearekin: 11,75 kilometro, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. 'Rockthesport.com' webgunean eman behar da izena.

Badute mendian gora eta behera korrika hasteko garaia, Urumeako korrikalariek. Izan ere, bi hilabete pasatxo barru iritsiko dira bailarako zita nagusiak, mendi lasterketei dagokienean. Ereñotzuko Mendi Lasterketak, esaterako, atzo bertan iragarri zuen data: maiatzaren 30ean jokatuko da probaren 14garren edizioa, larunbatez.

Izena emateko epea, gainera, gaur zabalduko dute, goizeko 10:00etan. Aurreko urteetan bezala, rockthesport.com webgunean egin beharko da, 18 euroan.

Ohiko ibilbidea izango du aurtengo lasterketak: 11,75 kilometro egingo dituzte korrikalariek, Aiako Harria Parke Naturalean barrena, goizeko 10:00etan Ereñotzuko frontoitik abiatuta. Aurreneko zatia izango dute gogorrena, Txilibita baserritik Arrondoko antenaraino, ikusleen animoen artean; eta hortik aurrera, gainez gain ibiliko dira korrikalariak, parke naturaleko paraje ederretan barrena, Urdaburuko tontorreraino. Bertatik Ereñotzura, ziztu batean iritsiko dira korrikalariak, jaitsiera tekniko eta dibertigarritik, tartean Lizarregiko aldapatxoa gainditu beharko duten arren.

Helduen probaren aurretik, haurren lasterketa ere izango da, auzoan barrena, gora eta behera. Goizeko 09:30ak aldera izango da, eta lehenxeago eman beharko dute izena gaztetxoek, frontoian bertan, doan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!