Bi urte pasatxoko ibilbide ederraren ondoren, igande honetan emango diote bukaera Ondarebideak egitasmoari, Ereñotzun. Zazpi paseotan zehar, auzoko txoko eta etxe guztietako ondarea eta istorioak ezagutu dituzte, 2023ko azaroan hasi eta gaur arte; eta igandean egingo dute zortzigarrena eta azkena. Oraingoan, auzoan bertan ibiliko dira, gora eta behera. Arriurdinetatik hasi eta Txilibitaraino, ezagutuko dituzte barrioko etxeen eta bizilagunen istorioak, haien ahotik.
Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua Ereñotzuko plazan, eta auzotar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera, egitasmoaren azkeneko saioa izanda. Paseoaren bukaeran, hamaiketakoa ere egingo dute, ohi bezala.
Lastaolan eta Fagollagan egin zuten aurreneko saioa, 2023ko udazkenean, eta Urumea ibaiaren bi aldeetan ibili dira ordutik, auzunez auzune. Epelen izan zuten bigarren ondarebidea, Pagoagan hirugarrena, eta Olazar eta Ugaldetxo artean laugarrena, horiek guztiak 2024an. Eta beste hiru egin zituzten 2025ean: Ubarrototik Latsera bosgarrena, Fagollagan seigarrena, eta Sagastietapean barrena zazpigarrena, joan den urrian. «Paseo motzak eginez eta bertan bizi direnen etxeen eta familien kontuak adituz, bertako ondarea eta istorioak ezagutzeko modu atsegin bat izan da», nabarmendu dute.