'Info Ereñotzu' kanala sortu dute Telegramen, itzulpen zerbitzuagatik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 20a

Aldibereko itzulpen zerbitzua ere probatu izan dute aurreko bileretan.

Martxan jarri dute beste pauso bat emateko 'Euskara eta kulturartekotasuna' proiektuaren baitan.

Telegramera mugitu dute 'Info Ereñotzu' komunikazio kanala, orain arte WhatsApp aplikazio­an izan dena. 'Euskara eta kulturartekotasuna' proiektuaren baitan sortu dute kanal berria, beste aurrerapauso bat emateko. Izan ere, proiektuaren helburua da «euskeraz bizitzen jarraitzea, eta era berean, euskeraz ez dakitenek ere auzoko bizitzan parte hartu ahal izatea».

Bide horretan, komunikazio kanak berriak sortzen ari dira, eta Telegramek badauka ezaugarri bat, ezinbestekotzat jo dutena: itzulpena egiteko aukera ematen du, WhatsAppek ez bezala. Horrela, Telegramekin auzotar guztiek izango dute aukera «informazioa euskeraz jasotzeko eta nahi duten hizkuntzara automatikoki itzultzeko», nabarmendu dute.

Kanala martxan bi aplikazioetan, denbora batez

Telegrameko kanala dagoeneko martxan den arren, denbora batez bi aplikazioetan mantenduko dute erabilgarri, «auzotarrek egokitzeko denbora izan dezaten, eta 'Info Ereñotzu' kanaleko komunitate osoa mantendu ahal izateko, ahalik eta eraginkorrena izaten jarraitu dezan kanalak eskaintzen duen informazio zerbitzua».

Telegram instalatzeko eta itzulpena aktibatzeko, laguntza

Auzo Udalak gonbitea luzatu die ereñotzuar guztiei, Telegram eskuratu eta 'Info Ereñotzu' kanal berrira batu daitezen. Horregatik, laguntza ere eskainiko dute Auzo Udalean, ohiko ordutegian, Telegram instalatzeko eta itzulpena aktibatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!