Binakako aizkora apustua lotu du Igoin Pikabea ereñotzuarrak, martxoaren 21erako

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 6a

Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide alde batean, eta Unai Etxeberria eta Igoin Pikabea bestean, apustua lotu berritan, Etxegarateko Alai jatetxean.

Unai Etxeberria ezkiotarrarekin batera ariko da Pikabea, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu sakandarren kontra. Zumarragan edo Altsasun jokatuko da apustua, eta 20 kanaerdiko ebaki beharko ditu bikote bakoitzak.

 

Irratian desafioa entzun eta hiru egunera, Etxegarateko Alai jatetxera bertaratu zen Igoin Pikabea aizkolari ereñotzuarra, Unai Etxeberria ezkiotarrarekin batera. Hantxe zeuzkaten zain Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu sakandarrak. Izan ere, abenduaren 29an bota zuten desafioa Erdoziak eta Oiarbidek, irrati bidez: binakako aizkora apustua jokatzeko deia egiten zioten 23 urtez azpiko edozein bikote gipuzkoarri.

Urtarrilaren 2rako jarri zuten hitzordua Etxegaraten, eta apustua lotzeko asmoz agertu zi­ren bertara Pikabea eta Etxeberria. Baita lotu ere, negoziaketa azkar baten ondoren: martxoaren 21ean jokatuko dute apustua.

Tokia daukate oraindik guztiz erabakitzeko, baina Zumarragako edo Altsasuko frontoian izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita. Eta egin beharreko lana ez dute nolanahikoa lau gazteek: 20 kanaerdiko ebaki beharko ditu bikote bakoitzak, txanda librean.

«Lehendik datorren pikea da gure artekoa»

Apustua itxi berritan, Pikabearekin hitz egin du Kronikak, eta ereñotzuarrak aitortu du «nahiko erraz» adostu zutela bi aldeek: «Ideia berdintsuarekin joan ginen bi taldeak. Lan aldetik, guk gutxixeago nahi genuen, baina 20 kanaerdikotan adostu genuen. Prestatuz gero, iruditzen zaigu lan hori ondo xamar egiteko moduan garela».

Gauzak horrela, desafioa «polita» izango dela uste du Pikabeak: «Elkar ezagutzen dugu laurok, lehenago ere jokatu baititugu txapelketak elkarren kontra. Lehendik datorren pikea da gure artekoa. Hortaz, beraiek desafioa bota, eta asko pentsatu gabe joan ginen, aukera polita iruditzen zitzaigun».

Prestaketa lanetan murgildu dira buru-belarri, dagoeneko: «Azkenaldian ez daukagu sasoi puntu izugarririk, ez baitugu txapelketarik izan. Helduentzako aukera gutxi daude, eta gazteontzat are gutxiago. Horregatik, motibazio bezala hartu dugu apustu hau, eta gogotsu gaude», adierazi du. 

Zentzu horretan, badakite gogotik entrenatu beharra daukatela, lehengusu etxarriarrak menderatuko badituzte: «Galanki prestatu beharko dugu bi hilabete hauetan! Parrandak alde batera utzi, eta horretan zentratu. Azkar pasako dira bi hilabete!».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!