Ur Miak gaur arratsaldean jokatuko du Taldekakoaren semifinala, Usurbilen

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 28a

Leandro Miner, Mikel Arroio, Aner Miner, Ibon Miner eta Iñaki Miner.

Ereñotzuarrek Legazpiko Danantzako taldea izango dute kontrario, arratsaldeko 18:00etan hasita.

 

Zita garrantzitsua daukate gaur bolari ereñotzuarrek, Usurbilen. Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren semifinala jokatuko du Ur Miak bertan, arratsaldeko 18:00etan hasita, Legazpiko Danantzako taldearen kontra.

Aurrekoetan bezala, Ibon Miner, Aner Miner, Mikel Arroio, Iñaki Miner eta Leandro Miner ariko dira lehian, eta ligaxkako berbera izango da formatua: talde bakoitzeko bolari banaren arteko enfrentamenduak, 16 guztira, puntuak banatu eta garailea erabakitzeko. Berezitasun bat izango du semifinalak: berdinduta bukatuz gero, ez dute desenpaterik egingo; Ur Mia sailkatuko da finalera, ligaxkako sailkapenean ondoen sailkatu zelako (bigarren izan zen B multzoan, eta Danantzako hirugarren A multzoan).

Usurbilen bertan jokatu zen beste semifinaletako bat, atzo arratsaldean, Villabonako Behar Zanaren eta Zarauzko Zelai-Ondoren artekoa. Gainerako biek Zegamako bolatokia dute eszenatoki. Horietako bat asteartean jokatu zuten, eta Lasarte-Oriako Ostadarrek lortu zuen finalerako aurreneko txartela, Segurako Txoritegi menderatuta. Bestea gaur bertan jokatuko da: Gabiri A eta Ategorrieta, aurrez aurre. Datorren astean izango da finala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!