Laiene Pikabea ereñotzuarrak hirugarren amaitu zuen, Nerea Sorondok Euskal Herriko txapela berreskuratu zuen txapelketan. Elgoibarren izan zen nesken txapelketa nagusia pasa den larunbatean eta Laiene Pikabeak lan ona egin zuen, nahiz eta azkenean txapelaren borrokan ez izan.
Berako aizkolariak txapelketako lehen hiru edizioak irabazi zituen 2018an, 2019an eta 2021ean, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen azken hiru urteetan, Nerea Arrutiren atzetik. Oraingoan, ordea, Sorondok 18 segundo atera zizkion urnietarrari, eta laugarren txapela irabazi zuen. 20 minutu eta 16 segundoko marka behar izan zuen bi 36 ontzako enbor, 45 ontzako bi enbor eta bi kanaerdiko ebakitzeko. Arrutirekin izan zuen lehia azken enborrean erabaki zen. Pikabea ez zegoen urruti, baina erdi bidean geratu zen, txapelaren lehiatik aldenduta eta zorionez atzeko postuetatik urrun. 22 minutu eta zortzi segundo behar izan zituen lanak amaitzeko.
Sorondok Arrutiri irabazi zion Urrezko Kopan, eta orduko emaitza errepikatu zen. Beraz ezin liteke esan ezustekorik egon zenik. Uxue Ansorregi (23:27), Karmele Gisasola (23:53) eta Irati Astandoa (24:14) sailkatu ziren laugarren, bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.