Jose Manuel Otxotorena ereñotzuarra hil da

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 27a, 13:08

Atezain ohia 64 urterekin hil da, gaixotasun baten ondorioz. Valenciako atezainen entrenatzailea zen, eta klubak eman du heriotzaren berri. 

Jose Manuel Otxotorena atezain ereñotzuarra hil da, 64 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Valencia klubak jakinarazi du albistea X sare sozialaren bidez. Bertako atezainen entrenatzailea zen Otxotorena, eta urte asko zeramatzan klubean lanean. 

1970eko hamarkadan Hernanin sortutako Elizatxo futbol taldean hasi zen jokatzen, oraindik umea zela. Jubenil mailan iritsi CD Hernanira, eta 1979an Real Madrilera egin zuen salto. 1988an Valenciak fitxatu zuen, eta bertan lortu zuen bere ibilbideko kirol mailarik altuena; 1989an Zamora trofeoa lortu zuen, besteak beste.  Bere ibilbide profesionalean zehar hainbat titulu irabazi zituen Otxotorenak; besteak beste, hiru Espainiako liga, Kopako liga bat eta UEFAko bi kopa. Espainiako selekzioarekin Italiako mundialera joan zen 1990ean. 

Ibilbide oparoa osatu zuen elitean; atezain izan zen Real Madrid, Valencia CF, Tenerife, Logroñés eta Racing klubetan, baita Espainiako selekzioan ere. Jokalari modura erretiroa hartu eta segituan hasi zen entrenatzaile lanetan. Valencian hasi eta bukatu zuen entrenatzaile ibilbidea, baina tartean Liverpooleko eta Espainiako selekzioko atezainen prestatzailea ere izan zen. 

Kirol ibilbideari aitortza eginez, Hernani Saria jaso zuen 2019an. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!