Giro ederrean egin zuten zazpigarren ondarebidea, Sagastietapean barrena

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko urriaren 25a

50 lagun baino gehiago elkartu ziren aurreko igandean, Sagastietapean ondarebidea egiteko.

Zazpigarren hitzordua izan zuen ondarebidea ekimenak, joan den igandean. Eta oraingoan, Sagastietapera mugitu zuten Ereñotzuko etxeak ezagutzeko saioa.

Horrela, Ereñotzun elkartu ziren 50 heldu eta haur baino gehiago, eta giro ederrean osatu zuten ibilbidea polita. Iturraldera igo ziren aurrena, Alkatxuinera ondoren, eta handik Akolara. Hiru etxeetako historiaren eta istorioen berri jaso zuten bertakoen ahotik, Larre Gainera iritsi aurretik. Bertan, etxeko kontuen berri jasotzeaz gainera, mokadua ere egin zuten ondarebideko partehartzaileek, goizeko paseoa modurik onenean borobiltzeko.

Ondarebideek zazpi saio izan dituzte dagoeneko, eta auzotarrek zein ingurutik hurbildutakoek bertatik bertara ezagutu dituzte Ereñotzuko dozenaka etxe: Lastaolan eta Fagollagan barrena egin zuten aurreneko saioa, Epelen bigarrena, Pagoagan hirugarrena, Olazarretik Ugaldetxora laugarrena, Tximista-enea eta Latse artean bosgarrena, eta Fagollagako inguruetan seigarrena.

Neguan egingo dute zortzigarren ondarebidea, eta horrekin bukatuko dute auzoko etxeak ezagutzeko itzulia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!