Laiene Pikabeak Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko du bihar, 12:30etatik aurrera, Elgoibarko Kalegoen plazan (Olaizaga kiroldegian euria egingo balu). Nerea Arruti, Karmele Gisasola 'Zelai III'.a, Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi izango ditu aurkari ereñotzuarrak. Mungian jokatu zen sailkapenean azkarrena izan zen Pikabea, azken hiru urteetan txapeldun eta faborito den Nerea Arruti urnietarraren aurretik. Aizkolariek sei enbor moztu beharko dituzte: bi 36 ontzako, bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko (54 ontza).
Izen haundiak arituko dira Elgoibarko finalean. Nerea Arrutirekin batera beste hiru Euskal Herriko txapela dituen Nerea Sorondo beratarra ere finalista da. Karmele Gisasola 'Zelai' ere izen haundiko herri kirolaria da, nahiz eta ezagunagoa izan harrijasotzen eta kirol konbinatuetan lortutako txapelengatik. Pentatloian Euskal Herriko txapeldun, harrijasotzen txapelik preziatuena askotan irabazi du, baita Euskal Herriko ingude txapelketa. Aizkoran ere txapel ezberdinak lortutakoa da. Irati Astondoa aizkoran eta segan da espezialista, eta emakumeen artean jokatutako lehendabiziko apustua jokatu zuen Alatzne Etxaburuaren aurka. Uxue Ansorregi beti izaten da finalista eta ohorezko postuak lortzen ditu.
Maila altuko finala espero da eta Laiene Pikabea txapelaren borrokan ibiltzea albiste ona litzateke.
Bigarren mailako kanporaketa
Euskal Herriko 2. Mailako Gizonezkoen Aizkora Txapelketaren kanporaketa ere jokatuko da Elgoibarren partaide hauekin: Ugaitz Mugerza, Eneko Saralegi, Iosu Santamaria, Ibai Soroa eta Iban Resano.