Ereñotzun gaztainak jaten egingo diote ongietorria udazkenari

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 18a, 00:00

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da Ereñotzuko Udazken Festa. Olak Auzo Elkarteak urtero prestatzen duen festa da, eta gaztain erreak janez emango diote ongietorria urtaro berriari. Trikitilariek girotuko dute pelotalekua.

 

Olak Auzo Elkarteak antolatuta, Udazken Festa ospatuko dute bihar arratsaldean Ereñotzun. Urtaro berriari ongietorria emango diote, auzotar guztiak elkartzeko moduko egitarau goxoarekin. 

Garrantzitsua da aro berriak tripa goxatzen hastea. Horregatik, gaztain erreak eta auzoko sagardoa dastatzeko aukera izango da hasieratik. 17:00etan jarri dute hitzordua plazan, bazkalosteko siesta garaia errespetatuta.

Sukaldean pixka bat korapilatzen direnek, ordea, orduerdiko marjiña izango dute tortilak frontoira eramateko. 17:30etan itxiko baita Patata Tortila Lehiaketara maisulan gastronomikoak aurkezteko tartea. Kualifikatutako epaimahaiak irabazlea jakinarazi ondoren, horiek ere dastatuko dituzte festara bertaratzen direnek. 

Trikitilarien erritmora pasako dute arratsaldea

Festak festa izateko musika behar du derrigorrez. Trikitixaren eta panderoaren erritmora pasako dute arratsaldea Ereñotzun, maila haundiko bi gazterekin. Enaitz Alberdi eta Hektor Folk arduratuko dira musikaz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!