Sagastietapean barrena ibili eta gero Udazken Festa izango da Ereñotzun igande arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 14a, 00:00

Goizean zehar auzoko ondarea ezagutu eta gero, gaztain erreak janez, auzoko sagardoa dastatzeko aukera egongo da, baita patata tortila lehiaketan parte hartzekoa ere.

 

Ereñotzun ohikoa bilakatu den Udazken Festa izango da urriaren 19an, igandean: gaztain jatea eta festa egingo dute plazan eta frontoian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Baina gehiago ere izango du ospakizunak, plan borobila prestatu baitu Olak Auzo Elkarteak, arratsalderako. Horrela, auzoko sagardoen dastaketa egingo dute, eta gainera, ez du hutsik egingo patata tortilla txapelketak ere. Edonork hartu dezake parte, bakoitzak bere patata tortilla etxean eginda. Frontoian aurkeztu behar dira, arratsaldeko 17:30ak baino lehen.

Jaia girotzeko, Enaitz Alberdi eta Hektor Folk trikitilariek girotuko dute arratsaldea.

Zazpigarren ondarebidea

Bestetik, Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak beste ondarebide bat antolatu du egun horretarako, eta hasi zirenetik zazpigarrena izango da. Sagastietapean barrena ibiliko dira, Ereñotzutik bertatik abiatuta, eta Iturraldeko, Alkatxuingo, Akolako eta Larre-Gaingo kontuak eta istorioak ezagutuko dituzte, bertako bizilagunen ahotik.

10:30etan jarri dute hitzordua Ereñotzun. Nahi duenak kotxez egin ahalko du bidea, eta nahi duenak, oinez ere bai. Bukaeran, mokadu bat egingo dute, Larre-Gainen. Eguraldi txarra egingo balu, paseoa atzeratu egingo dute, baina emango dute horren berri, hala gertatuko balitz.

Auzoko ondarea ezagutzeko ekintza bat da ondarebidea, eta hau da Olak Auzo Elkarteak antolatu duen zazpigarrena. Lehena Lastaolan eta Fagollagako zati batean egin zuten; bigarrena, Epelen; hirugarrena, Pagoagan; laugarrena, Olazar eta Ugaldetxo artean; bosgarrena, Ubarrototik Latsera bitartean; eta seigarrena, Fagollagatik eskolarako partean. 40 lagun baino gehiago elkartu dira aurreko aldietan, ume zein heldu. Paseo txikiak eginez eta bidean geldituz, inguruko ondarea eta istorioak kontatzen dituzte bertako bizilagunek, ondarea ezagutzeko beste modu bat proposatuz.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!