Zazpigarren ondarebidea urriaren 19an egingo dute, Sagastietapean barrena

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 4a, 00:00

Ereñotzutik abiatuta, Iturraldeko, Alkatxuingo, Akolako eta Larre-Gaingo kontuak eta istorioak ezagutuko dituzte, bertako bizilagunen ahotik.

Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak beste ondarebide bat antolatu du urriaren 19rako, igandea, eta hasi zirenetik zazpigarrena izango da. Sagastietapean barrena ibiliko dira, Ereñotzutik bertatik abiatuta, eta Iturraldeko, Alkatxuingo, Akolako eta Larre-Gaingo kontuak eta istorioak ezagutuko dituzte, bertako bizilagunen ahotik.

10:30etan jarri dute hitzordua Ereñotzun. Nahi duenak kotxez egin ahalko du bidea, eta nahi duenak, oinez ere bai. Bukaeran, mokadu bat egingo dute, Larre-Gainen. Eguraldi txarra egingo balu, paseoa atzeratu egingo dute, baina emango dute horren berri, hala gertatuko balitz.

Auzoko ondarea ezagutzeko ekintza bat da ondarebidea, eta hau da Olak Auzo Elkarteak antolatu duen zazpigarrena. Lehena Lastaolan eta Fagollagako zati batean egin zuten; bigarrena, Epelen; hirugarrena, Pagoagan; laugarrena, Olazar eta Ugaldetxo artean; bosgarrena, Ubarrototik Latsera bitartean; eta seigarrena, Fagollagatik eskolarako partean. 40 lagun baino gehiago elkartu dira aurreko aldietan, ume zein heldu. Paseo txikiak eginez eta bidean geldituz, inguruko ondarea eta istorioak kontatzen dituzte bertako bizilagunek, ondarea ezagutzeko beste modu bat proposatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!