Berdinketa tekniko eta guzti, giro ederra sortu zuen beste behin Ereñotzuko Mendi Lasterketak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 1a, 00:00

Lasterketako saritu guztiak, podiumean.

Bailarako herritar ugari elkartu ziren Ereñotzun; korrika egiten batzuk eta animoak ematen gainontzekoak. Argazkiak ikusgai daude Kronikaren webgunean.

Denetik izan zuen Ereñotzuko Mendi Lasterketak. Goizeko 10:00etan atera ziren 200 korrikalariak Ereñotzuko frontoitik, eta helmugaratzeko ordu bat eta bost minutu besterik ez zuten behar izan Jokin Tolosak eta Ander Amonarrizek. Emozioa azken unera arte mantendu zuten Agerre taldeko bi korrikalariek, eta azkenean eskutik helduta igaro zuten marra. Emakumezkoen sailkapenean Ainhoa Arruti urnietarra izan zen azkarrena. 

Denborak denbora, ospakizun eguna izan zen atzokoa bailarako herritar askorentzat. Gazte pila batek hartu zuen parte lasterketan, eta inguruko jende ugari bertaratu zen Ereñotzura, lagunei animoak emateko asmoz. Eguraldia lagun, pintxoak eta sagardoa dastatzen geratu ziren gehienak lasterketa amaitzean. 

Gainera, larunbata izanik, bazkari baten bueltan elkartzeko plana egin zuten askok, kirol saioa osatu ondorengo plazer gisa. 

Argazkiak ikusgai, webgunean

Lasterketan zehar ateratako argazki guztiak ikusgai daude dagoeneko kronika.eus webgunean, eta astearte honetako alean argitaratuko da sailkapen osoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!