200 mendi korrikalari ibiliko dira gaur Ereñotzu inguruko paraje ederretan barrena

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 31a, 00:00

Hainbat korrikalari Arrondoko antenara igotzen, joan den urteko lasterketan.

Dortsalak agortuta, partehartze ederra izango du Ereñotzuko Mendi Lasterketak, eta Urumea bailarakoak izango dira korrikalari gehienak. Goizeko 10:00etan abiatuko dira frontoitik, eta 11,75 kilometroko ibilbidea osatuko dute, Aiako Harria Parke Naturalean barrena.

Festa polita biziko dute Ereñotzun, beste urte batez, auzoko mendi lasterketaren bueltan. Dortsalak agortuta eta 200 partehartzailerekin, gaur jokatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, goizeko 10:00etan hasita. Ereñotzuko frontoitik abiatu, eta aurreko urteotako ibilbide bera osatu beharko dute korrikalariek, Aiako Harria Parke Naturalean barrena: 11,75 kilometro, 835 metroko desnibel positiboarekin. 

Urdaburuko tontorra izango da lasterketako punturik altuena, zazpigarren kilometroan; baina bertara iristeko, bide gorabeheratsua osatu beharko dute aurretik. Izan ere, bi aldapa gogorrekin ekingo diote lasterketari, Arrondoko antenara iritsi arte. Bertan ez dute animorik faltako, ikusle asko elkartzen baitira igoera horretan. Hortik aurrera, Akola, Igorin, Malbazar eta Pagosardeko txoko ederretan barrena ibiliko dira, Urdaburura iritsi arte. Jaisten hasita, Lizarregiko igoera ere gainditu beharko dute, azkeneko jaitsiera tekniko eta azkarrari ekin aurretik.

Atzo bertan agortu ziren lasterketarako dortsalak, eta 200 partehartzaileetatik, erdia baino gehiago izango dira Urumea bailarakoak; gehien-gehienak, hernaniarrak eta ereñotzuarrak. Gainera, emakumeen partehartzea aurreko urteetan baino nabarmen haundiagoa izango da: 15 izan ziren iaz, eta 30 inguru daude izena emanda aurten.

Helduen lasterketaren aurretik, haurrena ere izango da, auzoan barrena. 09:30ak aldera abiatuko dira haur eta gaztetxoak, ziztu batean, ibilbide laburra baina gorabeheratsua osatzeko. Doakoa da, eta frontoian bertan eman beharko dute izena, lasterketaren aurretik.

Helduen proba bukatuta, berriz, sari banaketa eta luntxa izango dira, frontoian bertan. 

Autobus lanzaderak, Ibarluze poligonotik Ereñotzura

Obretan dago Ereñotzun aparkaleku gisa erabili ohi den eremua, eta horren ondorioz, aldaketak izango dira lasterketarako. Gaur goizean ezingo da auzoan aparkatu, eta autobus lanzaderak jarriko ditu Ereñotzuko Auzo Udalak bertara iristeko, Ibarluze poligonotik abiatuta. Goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara, etengabeko joan-etorrian ibiliko dira bi autobus, Ibarluzetik Ereñotzura. 

Hori horrela, Ibarluzen bertan aparkatu beharko dute partehartzaileek zein ikusleek, eta autobusa hartu. Goizeko 09:30ak arte, korrikalariek izango dute lehentasuna, eta azken orduko pilaketak saihesteko, garaiz ibiltzea eskatu die Auzo Udalak partehartzaileei.

Lasterketa ikustera Arrondoko antenara joango direnek ere, Ibarluzera bueltatu beharko dute ondoren, bertan aparkatu eta autobusa hartzera, Ereñotzuko helmugara joan nahi badute. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!