Igoin Pikabea ereñotzuarra sailkatu da Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkora txapelketako finalera

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 27a, 00:00

Igoin Pikabea, aurkezpenean, Laiene Pikabearen ondoan.

Hirugarren amaitu du Ereñotzun jokatutako kanporaketan, Manuel Fraile laugarren sailkatuarekiko hiru segunduko aldearekin. Jexuxmari Mujikak eta Aratz Mugertzak lortu dituzte finalerako beste bi txartelak.

Igoin Pikabea ereñotzuarrak lortu du Gipuzkoako Binakako aizkora Txapelketarako finalerako sailkapena, Ereñotzuko kanporaketan hirugarren sailkatu eta gero, igandean.

Kanporaketaren aurretik, Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'ak istripua izan zuen aizkorarekin entrenatzen ari zela, eta azken orduko baja izan zen. Beraz, sei aizkolari izan ziren finalerako hiru txartelen bila. Egin beharreko lana, bi kanaerdiko (54 ontza) eta 60 ontzako beste bi enbor ebakitzea zen. Pikabeak 13 minutu eta 32 segundutan amaitu zituen lanak, hirugarren postuan, eta hiru segunduko aldearekin lortu zuen finalerako txartela. Laugarren amaitu zuen Manuel Frailek; 13 minutu eta 35 segundutan moztu zituen lau enborrak. Emozioa izan zen nagusi Ereñotzuko frontoian, eta auzotarrek pozik amaitu zuten, etxeko aizkolariak hirugarren postua lortuta.

Errazago lortu zuten finalerako txartela Jexuxmari Mujikak eta Aratz Mugertzak. Ibarrako aizkolaria izan zen garaile, 10 minutu eta 48 segunduko denborarekin; eta Olatzeko mutrikuarra bigarren, 11 minutu eta 22 segunduko denborarekin. Hirugarren eta laugarren izan ziren aipatutako Igoin Pikabea eta Manuel Fraile, eta sailkapena itxi zuten, hurrenez hurren, Haritz Goenak (14:23) eta Urtzi Olasagastik (17:09).

 

Finala ekainaren 29an, Aiako Andatza auzoan

Bigarren mailako finala ekainaren 29an jokatuko da, Aiako Andatza auzoan. Ereñotzuko hiru sailkatuei, Lazkaoko kanporaketan sailkatutako beste hiruak gehitu behar zaizkie: Arkaitz Etxebeste, Ander Altuna eta Julen Aranberri. Izen haundiko aizkolariak geratu dira kanpoan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!