Urteroko zita seinalatua izango dute Urumea bailarako korrikalariek, datorren larunbatean: 13garrenez jokatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, maiatzaren 31n. Goizeko 10:00etan abiatuko dira partehartzaileak Ereñotzuko frontoitik, eta ohiko ibilbidea osatuko dute, Aiako Harria Parke Naturalean barrena: 11,75 kilometro, 835 metroko desnibel positiboarekin.
Izenemateak zabalik daude internet bidez, www.rockthesport.com webgunean, 18 euroan. 200 korrikalarirentzat izango da tokia, baina une honetan 40 dortsal besterik ez dira geratzen, dagoeneko 160 bat lagun baitaude apuntatuta.
Proba hasi eta berehala, aldapa gora abiatuko dira korrikalariak, Txilibita baserritik Larre Gain sagardotegira eta Arrondoko antenara. Handik, Akola, Igorin, Malbazar eta Pagosardeko paraje ederretan barrena egingo dute ibilbide gorabeheratsua, Urdaburuko tontorreraino. Hura izango dute lasterketako punturik altuena, eta jaitsiera teknikoa eta azkarra egingo dute Ereñotzura bueltan.
Proba bukatzean izango dira luntxa eta sari banaketa, frontoian bertan. Sariak izango dira aurreneko hiru emakume eta gizonentzat, eta ereñotzuar onenentzat. Gainera, partehartzaile guztiek jasoko dituzte kamixeta tekniko bana eta hainbat produktu, eta dozenaka opari izango dira zozketan. Helduen probaren aurretik, ohi bezala, haurren lasterketa ere izango da, auzoan barrena.
Bailarako 10 korrikalari bihar, Zegama-Aizkorrin
Ereñotzuko Mendi Lasterketaren aurretik, munduko proba ezagunenetako bat jokatuko da bihar: Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Eta aurtengoan, Urumea bailarako korrikalari asko dira bertan ariko direnak, 10 guztira: Egoitz Zubiri eta Hodei Lujanbio goizuetarrak; Aitzol Larrañaga, Libe Lafuente eta Sergio De Oliveira astigartarrak; eta Alain Gartzia, Anartz Artola, Ibai Alba, Jokin Uzkudun eta Jon Murua hernaniarrak.
Goizeko 09:00etan abiatuko dira denak Zegamatik, eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalean barrena osatuko dute 42 kilometroko ibilbide gogorra.