«Gustura aritu naiz azken entrenamenduetan, eta uste dut ari naizela lehengo puntu onera gerturatzen»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 24a, 00:00

Auzotarren aurrean aritzea egokitu zaio Pikabeari.

Bigarren mailako aizkolariak finalaren bila arituko dira bihar eguerdian. Ereñotzuko frontoian izango da hitzordua, eta bertan arituko da Igoin Pikabea auzotarra. Lehenengo txapelketa du maila honetan, eta egindako lana erakusteko gogoz joango da biharko kanporaketara.

Bihar eguerdian bigarren mailako aizkolariek hartuko dute Ereñotzuko pelotalekua. Bertan jokatuko da txapelketako bigarren kanporaketa, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Maila haundiko saioa izango da biharkoa, eta tartean arituko da Igoin Pikabea ereñotzuarra. zazpikotea Manuel Frailek, Haritz Goenak, Andoni Iruretagoienak, Aratz Mugerzak, Jesus Mari Mujikak eta Urtzi Olasagastik osatuko dute. Egin beharreko lanak ondorengoak dira: 54 euskal ontzako bi enbor eta 60 euskal ontzako beste bi.

Txapelketako saioaren ondoren, Malen Barrenetxeak eta Laiene Pikabeak emakumeen aizkora erakustaldia eskainiko dute.

 

«Azken entrenamenduetan gustura geratu naiz»

Igoin Pikabea estreinakoz arituko da bigarren mailako txapelketan. Ereñotzuarra egindako lana erakusteko gogoz dago, eta nabarmendu du puntu onean iritsiko dela biharko hitzordura: «Uste dut ari naizela puntua berreskurartzen. Zaila da beti fuerte mantentzea, baina azken entrenamenduetan pozik geratu naiz egindako lanarekin».

Pikabeak ederki daki maila haundiko kanporaketa izango dela, baina zailtasunak zailtasun, lan txukun bat egitea da bere helburua: «Entrenamenduetan emandako maila plazan erakusteko gai izan nahiko nuke. Ea egurrekin ere zortea daukagun. Fisikoki daukadan onena eman nahi dut, ea zorte pixka batekin finalera sailkatzeko aukera daukagun».

Kanporaketa bizilagunen aurrean egokitu zaio Pikabeari, alde on eta txarrekin: «Indarra emango dit jende ezagunak, baina urduritasuna gehitu ere bai. Euren aurrean lan txukun bat egin nahiko nuke».

 

Autobusak, Ibarluzetik

Ereñotzun aparkatzeko ezintasuna dela eta, Auzo Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko du bihar. Goizeko 10:00etatik eguerdiko 15:00etara egongo da martxan, eta Ibarluze poligonotik Ereñotzura joan etorrian ibiliko da autobusa. Bertaratzeko asmoa dutenek, autobusean joan beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!