Ereñotzuko Olak auzo elkarteak eta Ereñotzuko Auzo Udalak maiatzaren 24rako, 60 urtetik gorako pertsonentzat irteera antolatu du. Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museoa bisitatuko dute, eta bazkari baten bueltan biltzeko tartea ere izango dute, Uranga Jatetxean.
Txartelak salgai egongo dira Ereñotzuko Auzo Udalean, 36 euroren truke, eta maiatzaren 16ra arte egongo da horretarako aukera.
Irteera goizeko 09:30etan egingo dute, Ereñotzuko markesinatik, eta goizeko 11:00etan Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museoa bisitatuko dute. Bazkaria, Azpeitiako Uranga jatetxean izango da, eguerdiko 14:00etan, eta arratsaldean bueltatuko dira Ereñotzura irteeran parte hartuko dutenak, 17:30ak inguruan.
150 urteko historia
Euskadiko trenbidearen historia laburbiltzen du Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museoak. Guztira 60 ibilgailu baino gehiago bildu dituzte bertan, erabat zaharberritutakoan, hain zuzen. Martxan daude guztiak: lurrun-lokomotorak, tranbiak, bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko bagoiak, trolebusak, etab. 150 urteko historian trenbideak izan duen bilakaera erakusten du.
Gainera, ikusgai daude, besteak beste, trenbideko ordularien, makina-erreminten, uniformeen eta farolen bilduma guztiak ere.