Egitasmo berezi batean murgildu zen Ereñotzuko Txirrita eskola, joan den ikasturtean, kezka batetik abiatuta eta helburu jakin batekin: euskeraz bizitzen jarraitzea, baina euskeraz ez dakitenak baztertu gabe, eta kultur aniztasuna sustatuz. UEMAren eskutik, 'Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' proiektuari heldu zioten Txirritan, eta horren baitan bildu ziren guraso euskaldunak eta erdaldunak, Katiluzar Guraso Elkarteko, Txirrita eskolako, Ereñotzuko Auzo Udaleko eta Olak Auzo Elkarteko ordezkariak, eta Hernaniko Udaleko zein UEMAko euskera teknikariak.
'Bertako-ez bertako' dikotomia hautsi nahi zuten; inklusioa bultzatu eta komunitatea euskeratik eraiki. Izan ere, euskeraren arnasgunea da Ereñotzu, bertako bizilagunek euskeraz egiten baitute gehien; baina gero eta gehiago dira, aldi berean, auzora etorritako ereñotzuar berriak, euskeraz ez dakitenak.
Lanketa horri ekin zioten eskola komunitatearen bueltan, baina betiere gerora auzora zabaltzeko asmoarekin; eta orain iritsi da horretarako garaia. Proiektu horretan beste urrats bat eman nahi dute aurten, eta lanketa eskolatik auzora zabaldu. Horretarako, bilera irekia deitu dute maiatzaren 5erako, astelehenez. Auzo Udaleko aretoan izango da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Bilera horretan, egitasmoa auzotarrei azalduko diete, aditzera emango dituzte orain arte emandako urratsak, eta aurrera begira eman beharrekoak, eskolan landutakoa auzora zabaldu ahal izateko. Auzotar guztiei luzatu diete bilera horretara bertaratzeko deia.
Ereñotzun eredu propioa sortzeko asmoa
Zaldibiko eskola komunitatean ekin zioten horrelako proiektu bati aurrenekoz. Ereñotzu bezala, euskeraren arnasgunea da Zaldibia, baina aldaketa demografiko haundia bizi izan duena, jatorri atzerritarreko familia asko herrira iritsita. Eskola komunitatean hizkuntzaren harira sortutako gaizki ulertuak eta gatazkak konpondu nahian abiatu zuten proiektua, eta lortu dute harremanak hobetzea eta denak erosoago sentitzea.
Behar hori bera Ereñotzun ere bazela ikusita, Zaldibiko esperientziaren berri jaso zuten bertan orain bi urte; eta hortik abiatuta, bere bidea egiten hasi ziren Ereñotzun, eredu propioaren bila, bertako egoera soziolinguistikora, demografiara eta eskolara egokituta.