Izenemateen erdia beteta, Ereñotzuko Mendi Lasterketarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 12a, 00:00

Enara Macicior auzotarra, iazko Ereñotzuko Mendi Lasterketan.

Maiatzaren 31n izango da, eta probarako zazpi aste falta direnean, 100 korrikalari inguruk eman dute izena dagoeneko.

Lau aste dira izenemate epea zabaldu zuela Ereñotzuko Mendi Lasterketak, eta dagoeneko bete du kupoaren erdia: 100 korrikalari inguruk eman dute izena, eta 200 lagunentzat izango da tokia, gehienez ere. Maiatzaren 31n jokatuko da lasterketa, eta 'RockTheSport.com' webgunean apuntatu daiteke, maiatzaren 30era arte, dortsalak lehenago bukatzen ez badira.

13garren edizioa izango du Ereñotzuko Mendi Lasterketak, eta aurreko urteetako ibilbide bera osatuko dute partehartzaileek: 11,75 kilometro, 835 metroko desnibel positiboarekin, Aiako Harria parke naturalean barrena. Goizeko 10:00etan abia­tuko dira korrikalariak, Ereñotzuko frontoitik. Txilibita baserriaren eta Larre Gain sagardotegiaren ondotik Arrondoko antenara igo, eta gainez gain ibiliko dira ondoren, Igorin-Akolako estazio megalitikoa zeharkatuta, Urdaburuko tontorrera bidean. Horixe izango dute punturik altuena, Ereñotzura bueltan jaitsiera azkarra egin aurretik, tartean Pagoetako gaina igo beharko duten arren.

Helduen probaren aurretik, haurren lasterketa ere izango da, auzoan barrena. Proba nagusia bukatuta, berriz, zozketak, hamaiketakoa eta sari banaketa izango dira, Ereñotzuko frontoian bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!