Moteletik dator eguraldia, iragarpenen arabera, datozen egunetarako. Baina berandu baino lehen egingo omen du hobera, eta eguzkitsuak izango dira Aste Santuko jaiegunak, oporraldiaz gozatu ahal izateko. Eta halakoetan, ba ote da plan hoberik, gurean, natur ingurunean barneratzea baino?
Horretarako, ezin aproposagoa da Ereñotzuko inguruetara jotzea, Urumea bailararen bihotzean. Natur-paradisua da bertan topatuko duguna, kasik. Erreka eta baso ederrak nonahi, txoko berezi-bereziak, kultur ondare aberatsa... Eta horiez guztiez gozatzeko, ibilbide sorta polita ere badago aukeran. Hernaniko Ibilbide Sarea osatzen duten 11 proposamenen artean, zortzi dira Ereñotzun bertan egitekoak.
Horiek guztiak daude ikusgai 'ereinotzu.eus' webgunean, 'Ereñotzu ezagutu' ataleko naturaren txokoan.
Igorin-Akolako estazio megalitikoa, paraje magikoa
Ibilbide horietako batzuek, askorentzat dagoeneko ezagunak diren txokoak bisitatzera eramango gaituzte. Beharbada nabarmenena, Igorin-Akolako estazio megalitikoa izango da, oso ondo kontserbatutako trikuharriekin. Paraje magikoa da ia, eguneko zenbait momentutan bereziki, eta lau ibilbide pasatzen dira bertatik. Ezagutzen ez duenak, primerako plana dauka Aste Santuko oporraldirako... eta baita dagoeneko bertan izana denak ere.
Epeletik abiatzen da ibilbide horietako bat, PR-Gi 1002 izenekoa. 8,6 kilometroko ibilbidea da, 422 metroko desnibel positiboarekin; eta arazorik ez dugu izango bere marka txuri-horiak jarraitzeko, bide osoan zehar. Irubide jatetxearen ondoan topatuko dugu kartela, eta baita aurreneko markak ere. Horiei segika, bide laua egingo dugu hasieran, Zepadiko putzura iritsi arte. Putzua pasa eta segidan hartuko dugu eskuinera, aldapa gora hasteko; eta Igoringo lepora eramango gaitu bide horrek, bertako trikuharriaren ondo-ondora. Handik berriro eskuinera hartuta, gainez gaineko bidea hasiko dugu, estazio megalitikoan barrena, Sagastietako leporaino. Hantxe topatuko dugu argazki askotan ikusitako trikuharria, eta baita Aranzadik orain gutxi azaleratutakoa ere. Akolako atsedenlekura jaitsiko gara, eta Larre Gain sagardotegiaren ondotik bueltatuko gara Epelera.
Horrez gain, badira beste hiru ibilbide ere, Igorin-Akolako estazio megalitikoan barrena. Bata Larre Gain sagardotegian hasten da (3,7 kilometro); eta beste biak Latsetik abiatuta osatuko ditugu: laburragoa bat, 5,6 kilometrokoa; eta luzeagoa bestea, 11,8 kilometrokoa, Usoko erreka inguratuz. Hiru ibilbide hauek egiteko, dena den, komeni da tracka edo mapa eskura izatea. Horiek eskuragarri daude 'ereinotzu.eus' atarian bertan.
Oberango basoa, ezezaguna bezain ederra
Inguru ezagunak ez ezik, hainbesteko sona ez duten txoko bereziak ere ikusiko ditugu ibilbide horietan. Baina bada toki bat, Ereñotzuko inguruetan, ezezaguna bezain ederra: Oberango basoa. Oso egoera onean kontserbatutako pagadia topatuko dugu bertan. Oso toki itzaltsua da, eta aukera emango digu irudikatzeko nolakoak ziren bertako baso zabalak duela 100 urte arte, Euskal Herriko toki askotan baso-landaketak hasi aurretik.
Oberango basora iristeko, bada ibilbide bat, PR-Gi 1001 izenekoa. Nahiko exijentea da, hori bai: 10,7 kilometroko luzera dauka, eta 676 metroko desnibel positiboarekin. Ugaldetxon hasiko dugu ibilbidea, eta tabernaren ondoan topatuko ditugu marka txuri-horiak, mendi buelta osoan lagun izango ditugunak. Aldapa gora abiatu, eta berehala iritsiko gara bidegurutze batera: alde batetik joan, eta bestetik bueltatuko gara. Eskuinetik egin dezagun joaneko bidea. Gorabeheratsua izango da hasieran, Irakurri poligonoa eskuinean dugula; eta hirugarren kilometrotik aurrera, tentetu egingo da aldapa. Orduan sartuko gara Oberango basoan. Lan pixka bat emango digu maldak, baina parajearen edertasunak merezi du. Saratzeko gainetik aurrera, basoan barrena egingo dugu ibilbide gorabeheratsua, Urdaburu aldera.
Basotik atera eta, Untzegiko lepora iristean, nabarmen aldatuko da ingurua. Urdaburuko magaletik pasako gara, Lizarregiko lepora iritsi arte; eta inguruko mendien ikuspegi zabala izango dugu bertan. Bista ederrez gozatu ondoren, aldapa behera abiatuko gara, Aparrainen barrena. Hiru kilometro pasatxo egingo ditugu beherantz, bidexka batetik hasieran eta pista zabal batetik gero. Zuhaitz Egunean landatu berri dituzten zuhaitzak ere topatuko ditugu bide bazterrean.
Paseo labur eta errazak egiteko ere, aukera ugari
Familian eta haurrekin egiteko, aproposak izan daitezke Ibilbide Sareko proposamen batzuk. Baina plan lasaiagoa nahi duenak ere, aukera ugari dauzka Ereñotzun bertan, paseo laburrak eta errazak egiteko. Hementxe hiru proposamen, boteprontoan: Epeletik abiatuta Zepadiko putzuraino joatea, PR-Gi 1002 ibilbideari jarraituz; Ereñotzuko erdigunetik Fagollagara joatea, Urumea ibaiaren bestaldeko bidetik; eta Ugaldetxotik Olazar aldera joatea, frontoiaren pareko bidetik abiatuta, Urmendi baserriraino