Ekaina

Ander Amonarriz eta Claudia Sàrrate nagusi Ereñotzun, aldapa gogorrak eta 'irristaketa' saiotxoa gaindituta

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 22a, 12:31

Ereñotzuko Mendi Lasterketan saritutako guztiak, elkarrekin podiumean.

Hernaniarra izan zen onena gizonezkoetan (1:04:20), eta kataluniarrak irabazi zuen emakumezkoetan (1:27:55); tarte txikiarekin, biek ere. 166 korrikalarik osatu zuten Ereñotzuko Mendi Lasterketa, eta nahiko lan izan zuten jaitsieran, euriaren eta lokatzaren eraginez.

Bat baino gehiago izan ziren lokatzez betetako ipurdiak, Ereñotzuko frontoiko helmugan. 'Irristaketa' saio polita eginda bukatu zuten Ereñotzuko Mendi Lasterketa 166 korrikalarik, azkeneko jaitsiera zaildu baitzuten euriak eta lokatzak. Ipurdiko bat baino gehiago hartu zutela erakusten zuten galtzek, eta oso ondo pasa zutela haien aurpegiek.

Lokatz festa horretan, Ander Amonarriz hernaniarra izan zen azkarrena helmugan, 1:04:20 den­­­boran osatuta 11,75 kilometroko ibilbidea. Hasieratik bukaerara izan zuen segundu gutxira Aimar Otxoteko lesakarra, baina tarte txiki horri eutsi zion Amonarrizek. Jokin Lizeaga urnietarrak osatu zuen gizonezkoen podiuma, Xabat Pagola ereñotzu­arrari aurrea hartuta jaitsieran.

Emakumezkoetan ere, Agerre taldeko korrikalari bat izan zen nagusi, Claudia Sàrrate kataluniarra (1:27:55). Berak ere ez zuen tarte haundirik lortu, eta minutu batera iritsi zen Nerea Amilibia zarauztarra, bigarren. Hernaniar bat izan zen podium horretan ere, hirugarren helmugaratu baitzen Maddi Ormazabal, haiengandik oso gertu. Enara Macicior izan zen aurreneko ereñotzuarra emakumezkoetan, seigarren sailkatuta.

Bederatzi izan ziren lasterketan parte hartu zuten ereñotzuarrak, eta hernaniarrak 77 guztira, Urumea bailarako 95 korrikalarik osatu zuten lasterketa, zazpi astigartar eta bi goizuetar ere izan baitziren bertan.

Aurretik, dozenaka haur eta gaztetxo izan ziren korrika saioa osatu zutenak, ziztu batean, auzoan barrena. Eta lasterketen ondoren, eguna borobiltzeko hamaiketako ederraz gozatu zuten partehartzaileek eta ikusleek.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!