Laiene Pikabea ereñotzuarrak bere ibilbideko lehenengo txapela lortu zuen igandean Azpeitiko Izarraitz frontoian, Emakumeen Urrezko Aizkolarien Txapelketan. Goizean urduri esnatu zen Pikabea, baina sentsazio onekin dabil azkenaldian, eta hori baliatu zuen garaipena eskuratu eta txapela janzteko. Lanean hasita urduritasuna atzean utzi, eta 45 ontzako bi enborrak lau minutu eta 47 segundutan moztu zituen. Haren atzetik sailkatu zen Karmele Gisasola 'Zelai III'.a bost minutu eta 31 segundurekin, eta hirugarrena Uxue Ansorregi izan zen (5:58).
Lanak amaituta oso pozik agertu zen ereñotzuarra: «Asko emozionatu naiz. Nire lehenengo txapela da, eta asko kosta zait horra iristea. Asko sufritu dut bi urte lesio batengatik geldirik egon eta gero. Entrenamenduak gogorrak dira, gazteak gara, baina esfortzuak saria duela ikusi dut».
Bestetik, Pikabeak eskerrak eman nahi izan dizkie Egur Sport enpresari eta Luis Mari Bengoa promotoreari. «Igandekoa izan zen antolatzen zuten azkeneko txapelketa, Luis Mari Bengoak erretiroa hartu baitu. Beraiek izan ziren aukera eman zidaten lehenengoak. Gazteei eta neskei asko lagundu digute».