Bueltan izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, bi hilabete eta erdi barru. Zehazki, maiatzaren 31n egingo dute lasterketaren 13garren edizioa, larunbatez.
Goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak Ereñotzuko frontoitik, eta ohiko ibilbidea osatu beharko dute, 11,75 kilometrokoa, Aiako Harria parke naturalean barrena. 835 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute, eta Urdaburuko tontorrean izango dute punturik altuena.
Izenematea bihartik zabalik, 'rockthesport.com' atarian
Bihar bertan zabalduko dute izena emateko epea, eguerdiko 12:00etan. Internet bidez egin beharko da, rockthesport.com webgunean; eta 18 euro izango dira, joan den urtean bezalaxe. Aurten ere, 200 korrikalarirentzat izango da tokia.
Gainera, helduen lasterketaren aurretik, haurrena ere egingo dute, ohi bezala. Auzoan barrena osatuko dute ibilbide gorabeheratsua gaztetxoek.
Helduen lasterketa bukatutakoan, berriz, sari banaketa eta ohiko luntxa egingo dituzte frontoian bertan.