Urrezko Aizkolarien finala jokatuko du Laiene Pikabeak bihar, Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 15a, 00:00

Laiene Pikabea, aurreko saio batean, Osiñagan.

Ereñotzuarrak kontrario izango ditu Uxue Ansorregi eta Karmele Gisasola, 12:00etan hasita.

«Aspaldiko sasoi puntu onenean» iritsiko da Laiene Pikabea ereñotzuarra, Urrezko Aizkolarien finalera. Bihar jokatuko du, Azpeitiko Izarraitz frontoian, eguerdiko 12:00etan hasita. Uxue Ansorregi eta Karmele Gisasola 'Zelai III' izango ditu lehiakide, txapela janzteko.

«Sentsazio polittekin» dabil Pikabea, txapelketa hasi zenetik: «Kanporaketetan irabaztea lortu dut, eta horrek indar haundia ematen dio buruari, ikusten duzulako bide onetik dijoala egindako lan guztia», azaldu dio Kronikari.

Gauzak horrela, txapelaren bila joango da Azpeitira: «Oso gogotsu nago finalari begira, eta aldi berean oso urduri. Uste dut lehia oso parekatua izango dela hiruen artean, eta txapela edozeinek lortu dezakeela. Nik horixe daukat helburu, txapela lortzea, eta aukera izateak urduritzen nau. Baina, era berean, garrantzi haundia ematen diot mozketari eta teknikari, eta zentzu horretan, lan txukun bat eginda pozik geratuko naiz, ez irabazita ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!