Ahoz ahoko transmisioan beste katebegi bat, Ereñotzuko ondare eta pasadizoentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 00:00

Igandeko Ondarebidean parte hartu zuten bizilagunak, Latsen egindako azkeneko geldialdian.

Ondarebideen bosgarren saioa egin zuten igande goizean, Olak Auzo Elkarteak antolatuta. Oraingoan, 35 bat lagun elkartu ziren, Tximista-enea eta Latse arteko etxe eta baserrietako kontuak ezagutzeko, bertakoen ahotik.

Oso dinamika polita hartu du Olak Auzo Elkartearen Ondarebideak ekimenak, eta arrakastatsua izan zen bosgarren saioa ere, igande goizean. Haize bolada bortitzek edonor etxean geratzera animatzen zuten arren, 35 bat lagun bertaratu ziren Ubarroto Berrin jarri zuten hitzordura. Izan ere, oraingoan Tximista-enea eta Latse artean osatu zuten ibilbidea, bertako etxe eta baserrietako ondarea eta pasarteak ezagutzeko.

Hiru geldialdi egin zituzten ibilbide horretan, ahoz ahoko transmisioa gauzatzeko. Ubarroto Berrin egin zuten aurrenekoa, lau etxetako istorioak ezagutzeko, bertako bizilagunek kontatuta: Tximista-enea, Ubarroto, Ubarroto Berri eta Irurena.

Abilatsera joan ziren bertatik, eta formula errepikatu zuten, inguruko etxe eta baserrietako pasarteak eta ondarea azaleratu baitzituzten bertakoek. Kasu horretan, Abilats, Kaminero Etxea eta Txabolategi izan ziren protagonista. Eta azkeneko geldialdia pixka bat aurrerago egin zuten, Latsen, bertako eta Izenederko istorioak ezagutzeko.
 

Udaberrian egingo dute hurrengo Ondarebidea

Olak Auzo Elkarteak antolatuta, pixkanaka auzoari buelta osoa ematea da ekimenaren helburua, Ereñotzuko ondarea eta pasarteak ezagutzera emateko. Paseo txikiak antolatu dituzte horretarako, ondarea ezagutzeko beste modu bat proposatuz. 

Dagoeneko egin dituzte bost saio. 2023ko azaroan egin zuten estreinakoa, Lastaolan eta Fagollagan. Epelen izan zuten bigarren hitzordua, iazko otsailean; eta Pagoagan hirugarrena, ekainean. Laugarren Ondarebidea Olazarren eta Ugaldetxon egin zuten, joan den urrian. 35 lagunetik gora elkartu dira beti, orain arteko saioetan.

Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non izango den hurrengo saioa, baina aurreratu dute udaberrian egingo dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!