Bihar egingo dute ondarebidea Tximista-enea eta Latse artean. Olak Auzo Elkarteak antolatzen duen bosgarren ondarebidea izango da, eta bertako ondarea gertutik ezagutzeko beste aukera bat izango dute auzokideek.
Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Ubarroto Berrin. Hara joateko ordea, eta ahalik eta kotxe gutxien mugitzeko, beste hitzordu bat ere jarri dute elkartekoek. 10:45etan geldituko dira Ereñotzun.
Ubarrototik hasiko da ibilaldia, han bertako, Tximista-eneko, Ubarroto Berriko eta Irurenako istorioak errepasatuko dituzte. Handik, Abilatsera joango dira eta bertako bizilagunek Kamiñero etxeko, Txabolategiko eta Abilatseko bertako berri emango dute. Latsen amaituko dute erronda, bertako eta Izenederreko kontuekin.
Ibilbidearen ostean, mokadu bat egitea da asmoa, Latsen bertan. Euria eginez gero, paseoa atzeratu egingo dute antolatzaileek, eta jakinaraziko dute hala gertatuko balitz.