Bosgarren ondarebidea Tximista-enea eta Latse artean egingo dute Olak Auzo Elkartekoek

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 19a, 00:00

Ereñotzuko auzotarrek urtarrilaren 26an egingo dute ibilbide berria, sokako bosgarrena izango dena.

 

Sokan aurrera, bosgarrenez elkartuko dira Ereñotzuko auzotarrak ondarebidea egiteko. Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteko kideek urtarrilaren 26rako antolatu dute bertako ondarea ezagutzeko bosgarren irteera. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Ubarroto Berrin.

Bosgarrena Tximista-enea eta Latse artean

Urrian egin zuten laugarren ondarebidea Ereñotzuarrek, eta Olazar eta Ugaldetxo arteko parajeetan barrena ibili ziren. Datorren igandean bosgarren ondarebiderako prest dute ibilbidea antolatzaileek. Igande goziean Tximista-eneko, Ubarrotoko, Ubarroto Berriko eta Irurenako istorioak errepasatuko dituzte. Handik Abilatsera joango dira, eta Kamiñero etxeko, Txabolategiko eta Abilatseko berri emango dute inguruko bizilagunek. Latsen bukatuko dute erronda, bertako eta Izenederreko kontuez berriketan.

Urtarrilaren 26an goizeko 11:00etan elkartuko dira Ubarroton bertan. Hala ere, Ubarrotora joateko hitzordua ere jarri dute, 10:45ean Ereñotzun. Bertatik abiatuko dira Ubarrotora, ahalik eta kotxe gutxien mugituz.

Gure ondarea ezagutzeko aukera, ondarebidean

Bertako ondarea ezagutzeko aukera paregabea izaten dira ondarebideko irteerak. Olak Auzo Elkarteak antolatzen ditu, eta inguruko kontuak, istorioak eta ondarea bertatik bertara eta bertako bizilagunen ahotik entzuteko aukera eskaintzen dute: «Paseo txikiak eginez eta bidean geldituz, inguruko ondarea eta istorioak kontatzen dituzte bertako bizilagunek, ondarea ezagutzeko beste modu bat proposatuz», azaldu dute antolatzaileek.

Guztira 40 lagun baina gehiago ere elkartu izan dira aurreko aldietan, ume zein heldu, eta honetan ere parte hartzeko deia luzatu diete auzotar guztiei.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!