Igoin Pikabeak Urrezko Kopa irabazi du binaka Beñat Senosianekin batera

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 5a, 00:00

Beñat Senosiain (16 urte) garaipena ospatzen, Pikabearen ondoan.

Urtea garaipenarekin amaitu zuen aizkolari ereñotzuarrak, Gazte mailan, zortzi segundotan amaitu eta gero hiru bikote finalistak

 

Igoin Pikabea ereñotzuarrak eta Beñat Senosiain Olagueko nafarrak irabazi zuten, Urte Zahar egunean, Urrezko Aizkolarien Kopako Binakako txapela Gazte mailan. Asteasun jokatu zen finala eta bertan guztira bost final izan ziren.

Igoin Pikabeak Gazteen mailan parte hartu zuen eta hiru bikote finalistek zortzi segundo eskasetan bukatu zuten. Beñat Senosiainekin batera izan zen azkarrena, 60 ontzako lau enborrak mozten, zortzi minutu eta 15 segundotan. Zazpi segundora amaitu zuten Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia bikoteak (8:22) eta zortzi segundora Oier Mitxelena eta Aitor Saralegik (8:23) osasutako bikoteak. 

Emozio ikaragarria izan zen Usarrabi frontoian. Azken enborrean Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia izango zirela garaileak zirudien. Aurretik eman zuten buelta, baina itxi egin zitzaien ez baitzuten erdia behar bezala egin. Alderantziz, Igoin Pikabeak eta Beñat Senosianek erdia ezin hobeto amaitu zuten eta 60 ontzako azken enborra aurretik bota zuten askoren harridurarako. Lanak behar bezala egin zituzten. 

Beñat Senosianek 16 urte besterik ez ditu eta plaza gizona dela erakutsi zuen, patxada erakutsiz. Igoin Pikabea izan zen bikoteko gidari. 2023an Euskadiko eta Gipuzkoako gazte mailako txapeldun izan eta gero, 2024a ere ezin hobeto amaitu du txapela batekin.

 

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' garaile nagusietan eta, Karmele Gisasola 'Zelai II.a' eta Uxue Ansorregi, nesketan

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' -k irabazi zuen Urrezko Aizkolarien Kopako finala, nagusien mailan. Azkoitiarrak 23:10ean moztu zituen hamabi kanaerdikoak, Mikel Larrañaga azken edizioko garaileari 57 segundo aterata, eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' hirugarren sailkatuari, (29:12) sei minutuko aldea aterata. Alberdiren garaipena bigarrena da final honetan, 2022an lortutakoaren ondoren, eta urtebete geroago ezin izan du parte hartu. 33 urteko egungo Gipuzkoako txapeldunak irribarrez itxi du urtea.

Emakumezkoen aizkolari txapelketako finalean, Karmele Gisasola 'Zelai III' eta Uxue Ansorregik osatutako bikoteak 10:13ko denbora behar izan zuen 45 ontzako lau enbor mozteko, Nerea Sorondori eta Irati Astondoari 1:37ko aldea ateraz.

 

'Guzta'-Azpiazu etaGesalaga-Osa, harrijasotzen

Urrezko Harrijasotze Kopan Lierni Osa eta Maddi Gesalaga, nesketan, eta Paulo Azpiazu eta Xabier Aranburu 'Guzta', mutiletan, izan ziren garaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!