Ereñotzun hausnartu dute naturaren eta gizakiaren arteko harremanaz, Kilian Jornet Fundazioaren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Adin-tarte eta lanbide ezberdinetako jendea elkartu zen, hausnarketa-korrikaldia egiteko Ereñotzuko mendi inguruetan.

Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko, munduko bederatzi txokotan egin zituzten hausnarketarako korrika saioak mendietan, aurreko larunbatean; eta Ereñotzun izan zen horietako bat, Naila Jornetek, Ekaitz Zubeltzuk eta Ion Irurzunek gidatuta.

Mundu osoan, bederatzi tokitan egin zuten gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren hausnarketa, aurreko larunbatean. Kilian Jornet Fundazioak antolatuta, korrika saioak egin zituzten mendietan, Running Minds ekimenaren baitan, natura-ingurunearen erabileraz eta zaintzaz gogoeta egiteko.

Eta mapako bederatzi puntu horietako bat, Ereñotzun ageri zen. «Euskal Herrian egin nahi zuten jarduera horietako bat, eta gurekin jarri ziren harremanetan», azaldu du Ekaitz Zubeltzu ereñotzuarrak, Bizibiziki enpresako koordinatzaileak: «Urumea bailaran badauzkagu gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren hainbat elementu adierazgarri. Basoen ustiaketa eta kudeaketa, elementu megalitikoak, zentral hidroelektrikoak, orain jarri nahi dituzten parke eolikoak... Hortaz, toki interesgarria zen hausnarketa hori egiteko».

Gauzak horrela, «jarduera xume bat» antolatu zuten, Ereñotzuko Mendi Lasterketaren antzeko ibilbidea eginez, Aiako Harria Parke Naturalean barrena: «20 laguneko talde bat osatu genuen, adin-tarte eta lanbide ezberdinetako jendearekin. Gurekin izan genituen unibertsitateko filosofo, soziologo eta irakasleak, tabernari bat, enpresa zuzendari bat, hiru ikasle...».

Mendien Nazioarteko Eguna (abenduak 11) ospatzeko egin zituzten «lasterketa komunitario» horiek, aldi berean, munduko txoko ezberdinetan. Honakoak izan ziren ekimenaren kokalekuak: New York, Portland, Silverton eta Leavenworth (Estatu Batuak), Puigcerdá eta Montsenyko Parke Naturala (Katalunia), Flagogna (Italia), Andalsnes (Norvegia) eta Ereñotzu.

 

Gizakiak eragindako eraldaketaz, habitatez eta natur elementuez hausnarketa, 
15 kilometroko ibilbidean

Naila Jornetek, Ekaitz Zubeltzuk eta Ion Irurzunek (Elkano Fundazioko zuzendaria) gidatu zuten Ereñotzuko saioa. «Aurreko proiektu batetik ezagutzen genuen elkar hiruok», azaldu du ereñotzuarrak: «Elkano Fundazioak eta Bizibiziki enpresak elkarrekin egina genuen beste proiektu bat. Landu genuen Getariatik Sevillarako ibilbide baten diseinua egin genuen, Elkanoren mundu biraren 500garren urteurrenaren harira. Proiektu horren lanketan aritu nintzen Ionekin, eta ibilbide hori osatu zutenen artean zegoen Naila, Kilianen arreba. Horrela ezagutu genuen elkar, eta berriro batu gara ekimen honekin».

Goizeko 09:30etan elkartu zen 20 laguneko taldea, Ereñotzuko herrigunean; eta Kilian Jornet Fundazioa zertan datzan eta zein helburu dituen azaldu zuen Naila Jornetek. Hortik aurrera, mendian barrena osatu zuten eguneko lanketa, 15 kilometro inguruko ibilbidearekin, tartean zenbait geldialdi eginez, hausnarketa ariketak egiteko.

Oinez egin zuten aurreneko tartea, Ereñotzutik Arrondoko antenara: «Berriketan osatu genuen aurreneko zati hori, eta elkar ezagutzeko baliatu genuen». Antenara iristean egin zuten aurreneko ariketa: «Partehartzaile bakoitzak aipatu zuen, bertatik zein elementu ikusten zituen, iradokitzen ziotenak gizakiaren eta naturaren arteko harremana. Batek aipatu zuen gizakiak soroetan eragindako eraldaketa, besteak argindarraren kableak, hirugarren batek papelera...».

Igoringo lepoan egin zuten bigarren geldialdia: «Habitaten inguruan aritu ginen bertan, bai animalienak eta bai gizakiarenak. Hausnartu genuen zein eragin daukan gizakiaren esku hartzeak habitat horietan. Adibidez, baso ustiaketa bat egiten denean, bertan bizi diren hegaztiak desagertzen dira. Eta errekan aktuazioren bat eginez gero, bertako espezieengan dauka eragina». Eta bertatik Pagosardeko bordara mugitu zuten gogoeta, hirugarren geldialdiarekin: «Tximinia piztuta geneukan bertan, eta suaren bueltan osatu genuen ariketa. Bakoitzak naturako elementu bat aukeratu zuen, eta aipatu zuen zein harreman daukan gizakiarekin, zertarako erabiltzen zen garai batean, eta zertarako gaur egun. Garoa, hostoak, goroldioa...».

Hortik aurrera, bitan banatu zuten taldea, ibilbidea bukatzeko: «Korrika asko egiten ez dugunak Ereñotzura jaitsi ginen, eta gehiago dabiltzanek Urdabururi eman zioten buelta, auzora bueltatu aurretik». Ur Mia elkartean bildu ziren berriro, eta bertan egin zuten azkeneko ariketa: idatziz, egunean bizitakoak azaldu zituen bakoitzak. Hamaiketako eder batekin borobildu zuten goiza. «Partehartzaile guztiei izugarri gustatu zi­tzaien esperientzia. Gu ere ha­rrituta geratu ginen, zeinen gus­tura bukatu zuten», azaldu du Ekaitz Zubeltzuk.

Balore naturalak eta arrisku geologikoak hizpide, bederatzi lasterketa komunitarioetan

Ereñotzun egin bezala, Europan eta Estatu Batuetan eginda­ko bes­­te zortzi «lasterketa komuni­ta­­rio global» horietan ere aritu ziren naturaren eta giza­kiaren arteko harremanaz, eta hausnartu zuten gizakiaren esku har­tze­ak daukan eraginaz. Horre­la, balore naturalak eta arris­ku geologikoak izan zituzten hizpide, kasu­an kasu. Esate baterako, Montse­nyko Parke Natu­raleko egoeraz aritu ziren, Taglia­mentoko ibaien kontserbazioaz, edota permafrostaren de­gradazioak Norvegiako Rau­ma bailaran daukan eraginaz.

Running Minds ekimenaren baitan egin zituzten topaketak aurreko larunbatean. Kilian Jor­net Fundazioaren ekimena da, NNormal eta Upclear enprese­kin elkarlanean; eta helburua da «zientzia komunitatera hurbiltzea, naturaren zaleak eta korrikalariak beren ingurune naturalarekin konektatuz». Azaldu dutenez, esperientzia «esperimental» honen abiapuntua da, kirolak eta naturak sortzen dituztela «hausnarketarako beharrezko baldintzak».

Baldintza horiexek topatu zituzten Ereñotzun, Aiako Harria Parke Naturalean barrena osatutako ibilbidean. Larunbateko saioa pasa da, baina edonoiz eta edonon sortu daiteke hausnarketarako tartea: Gure natur ingurunearen zein erabilera egiten ari gara? Nolakoa da gure inpaktua eremu horietan?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!