Gipuzkoako txapeldun izan da Ur Mia

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

Ur Miako eta Ategorrietako bolariak, txapeldunen kopak hartuta, Gabirin.

Guztira 170 brila bota zituzten Joxe Mari Etxebestek, Aner Minerrek, Mikel Arroiok eta Ibon Minerrek, Segurak baino bost gehiago; eta Elur Txoriri erreleboa hartu diote ereñotzuarrek. Ategorrieta nagusitu zen emakumezkoetan.

Txapelketa bikaina borobildu, eta sari potoloenarekin bueltatu zen Ur Mia larunbatean, Gabiritik: Gipuzkoako Taldekako txapeldun izan da, gizonezkoetan. Ereñotzuarrek 170 brila bota zituzten guztira, Segura bigarrenak baino bost gehiago. Legazpik 162 bota zituen, eta Ibarra-Belauntzak 156. Emakumezkoetan, Ategorrieta nagusitu zen, 133 brilarekin, Zerainen (106) kontrako finalean.

Oso erregular aritu ziren ereñotzuarrak, lauak ere oso maila onean, eta horrek eman zien garaipena. Tiraldien ordenean, Joxe Mari Etxebestek 41 brila bota zituen, Aner Minerrek 39, Mikel Arroiok 44, eta Ibon Minerrek 46. 

Oso parekatua izan zen lehia, eta bukaerara arte ez zen erabaki. Segurarrek 47 brilako tiraldi batekin hasi zuten txapelketa, Jon Agirreren eskutik, abantaila hartuz. Baina hurrengo bi tiraldietan hartu zieten aurrea ereñotzuarrek, eta bost brilako aldearekin iritsi ziren azkenekora. Orduan, 46 brilako tiraldia egin zuen Jokin Izagirre segurarrak, eta presio haundia sartu zion Ibon Minerri: 41 brilako tiraldia egin behar zuen, berdintzeko. Eta baita gainditu ere, nabarmen, garaipena lortzeko.

Alde haundiagoa izan zen emakumezkoen finalean. Bigarren tiraldiaren ondoren 22 brilako abantaila hartu zuen Ategorrietak, eta bikain eutsi zion bukaerara bitarte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!