Ur Mia, goierritarrei txapela 'kentzera' gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Ur Miako sei bolariak: Leandro Miner, Iñaki Miner, Mikel Arroio, Joxe Mari Etxebeste, Aner Miner eta Ibon Miner. Haietatik lau ariko dira gaurkoan.

Ereñotzuarrek Gabirin jokatuko dute Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finala, 10:00etan hasita.

 

Gaur goizean jokatuko da, Gabiriko bolatokian, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finala. Eta bertan izango da Ur Mia, goierritarrei txapela 'kendu' eta Ereñotzura ekarri nahian. Joan den urtean Elur Txori txapeldun izan ondoren, bigarrena segidan lukete Urumea bailarako taldeek.

Erronka gogorra izango dute ereñotzuarrek, horretarako. Gizonezkoen finalean kontrario izango dituzte Segura, Legazpi eta Ibarra-Belauntza taldeak, txapelketako lau onenak. Goizeko 09:00etan daukate zita, entrenamenduak hasteko, eta 09:45etan ordenaren zozketa egin ondoren, 10:00etan hasiko dute final haundia.

Ligaxkako eta semifinaletako formatuaren ordez, ohikora bueltatuko dira finalean: bolari bakoitzak zortzi tiraldi egingo ditu, probarik gabe; eta talde bakoitzeko lau bolariek botatako brilak batuko dituzte, sailkapena osatzeko. Berdinketarik izango balitz, talde horietako partaide bakoitzak lau tiraldi egingo lituzke, desenpaterako.

Gizonezkoena ez ezik, emakumezkoen finala ere jokatuko da Gabirin, Urumea bailarako talderik gabe: Ategorrieta eta Zerain izango dira aurrez aurre, eguerdiko 12:15etan. Gizonezkoen finala bukatu bezain pronto hasiko dute entrenamendua.

Talde finalista guztiek jasoko dute diru-saria, eta baita bertako produktuen loteak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!