Finalean izango da Ur Mia, beste urte batez, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Ereñotzuarrek garaipena lortu zuten Ategorrietan, bertako taldearen aurrean: 10,5 puntu pilatu zituen Ur Miak, eta 5,5 puntu Ategorrietak.
Markagailuak erakusten duena baino lehiatuagoa izan zen finalaurrekoa. Izan ere, oso brila gutxiko aldearekin erabaki zen puntu banaketa, tiraldi bakoitzean. Kasu gehienetan, brila baten edo biren aldearekin lortu zuten puntua ereñotzuarrek, eta horrek eman zien garaipena.
Oraingoan, sei bolari aritu ziren Ur Miarekin: zegozkien lau tiraldiak egin zituzten Ibon Minerrek eta Joxe Mari Etxebestek, baina txandaka aritu ziren Iñaki Miner, Aner Miner, Leandro Miner eta Mikel Arroio, bina tiraldi eginda.
Final haundia, datorren larunbatean Gabirin
Datorren larunbatean jokatuko dute final haundia, Gabiriko bolatokian, goizeko 09:00etan hasita. Lau talde ariko dira gizonezkoetan, beheko eta goiko multzoetatik bina sailkatu baitira finalera: Ur Mia, Ibarra-Belauntza, Segura eta Legazpi. Emakumezkoetan, berriz, Ategorrieta eta Zerain izango dira aurrez aurre.
Formatua aldatu egingo dute finalerako, eta ohikora bueltatuko dira: bolari bakoitzak zortzi bider botako du, probako tiraldirik gabe. Talde bakoitzeko lau bolariek botatako brilak batuko dituzte sailkapena osatzeko, eta taldeen artean berdinketa izanez gero, launa bola botako dituzte talde bakoitzeko partaide guztiek.
Gizonezkoen finala jokatuko da aurrena. 09:00etatik 10:00etara entrenatzeko aukera izango dute, eta 09:45etan egingo dute zozketa, ordena zehazteko. Goizeko 10:00etan hasiko da finala.
Gizonezkoena bukatutakoan, entrenamendu saioa hasiko dute emakumezkoek, eguerdiko 12:15ak arte. Haien kasuan, 12:00etan izango da ordenaren zozketa, eta 12:15etan hasiko dituzte finaleko tiraldiak.
Talde finalista guztiek jasoko dute saria bukaeran, emakumezkoetan zein gizonezkoetan: irabazleak trofeoa eta 160 euro, bigarrenak 120 euro, hirugarrenak 80 euro, eta laugarrenak 40 euro. Bertako produktuen loteak ere emango dizkiete denei.