«Oso oso juxtukoa» da Ereñotzuko Auzo Udalak daukan informazioa, oraingoz, bailaran jartzeko lantzen ari diren proiektu eolikoen inguruan. Izan ere, enpresak ez dira haiekin harremanetan jarri: «Badakigu bailarako beste udalekin bildu direla, baina guregana ez dute jo. Beste udaletatik jaso dugu daukagun informazio apurra. Udaran bildu ginen lau udalak (Hernani, Arano, Goizueta eta Ereñotzu), eta bertan aipatu zuen bakoitzak zer zekien eta zein puntutan zegoen gaia. Aurrera begira zer egin daitekeen ere komentatu genuen, baina proiektua ezagutu gabe, oso zaila da ezer aurreratzea», azaldu du Olatz Juantorena Ereñotzuko alkateak.
Orain arte aipatu diren kokalekuak eta zabaldutako informazioa ikusita, Ereñotzuri «nahiko zuzen» eragingo liokete proiektu eolikoek: «Ez dakigu nondik aurreikusten duten sarbidea, haize-sorgailuen piezak mendira igotzeko. Baina pentsatzen dugu eragingo ligukeela horrek, Ereñotzuko aldetik izan daitekeelako. Inguru horretan dauden maldekin ez da erraza, baina irekitzen dituzte bideak azkenean, txikizioak eginda», adierazi du alkateak. Zehaztasun gehiago izateko esperoan, horrek kezkatzen du. «Ondorio batzuk, ikusi egiten direnak, garbiak dira: zer nolako txikizioa izango litzateken ingurumen inpaktuari begira. Eragin zuzena izango du gure mendietan; Hernaniko lurretan, baina Ereñotzuko aldean, itxura denez», dio alkateak.
Proiektua ikusteko zain daude; «baina era berean, aurkezten dutenean ere, ez dakigu zenbateko marjena izan dezakegun, helegiterik aurkeztu nahiko bagenu. Izan ere, proiektu horiek oso oso mardulak izaten dira, eta denbora behar da ondo aztertu eta helegiteak prestatzeko». Auzo Udalak bere bileretan landu izan du gaia, nola heldu asmatu nahian: «Baina oso zaila da norabidea markatzea, zer egin nahi duten jakin gabe», azaldu du Juantorenak.
Informazio falta horrekin, orain arte ez dute nabaritu auzoan mugimendu haundia sortu denik: «Akaso orain sortuko da. Hernani Burujabek ere heldu dio gaiari, eta azaldu du bere postura». Ereñotzuko jendea ere badago tartean, Sagarretan adibidez.