Laiene Pikabea hirugarren, Nerea Arruti urnietarrak irabazi duen Euskal Herriko aizkora txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 00:00

Elgoibarren jokatu zen txapelketa igandean eta ereñotzuarrak podiumera igotzea lortu zuen.

Laiene Pikabea ereñotzuarrak hirugarren postua lortu zuen Euskal Herriko aizkora Txapelketan. Nerea Arruti urnietarrak pronostikoak bete zituen Elgoibarren eta bere hirugarren garaipena lortu zuen Euskal Herriko emakumezkoen txapelketan. Nerea Sorondok txapelketa honetan lortutako txapel kopurua berdindu du. Sorondo bera izan zen Elgoibarren azpitxapeldun.

Hirugarren postua lortzeko borrokak lehia parekatua utzi zuen Oihana Fernandez de Barrena arabarraren eta Laiene Pikabea 21 urteko ereñotzuarraren artean. Azkenik, hirugarren postua gipuzkoarrarentzat izan zen, bere aurkaria 17 segundotan gaindituz. Lesioa eta gero indartsu bueltatu da Pikabea. Garailearengandik sei minutura sailkatu zen.

Arruti, aurreko bi edizioetan ere gailendu zen, eta gainerako parte-hartzaileak baino askoz gehiago izan zen. Txapeldunak bi kanaerdiko, 45 ontzako bi enbor eta 36ko beste bi enbor, 17 minutu eta 33 segundoan ebaki zituen. Nerea Sorondok, hiru minutu eta erdi gehiago behar izan zituen. Nafarrak iaz lortutako bigarren postua errepikatu zuen horrela.

Lucia Orbek bosgarren postua lortu zuen bere lehen finalean. Bilbotarra Euskal Herriko harri-jasotze txapeldunorde izatera iritsi da, eta euskal pentatloi probetan ere parte hartu du. Irati Astondoak, bere aldetik, txapelketa honetako  sailkapena itxi zuen. 

E. H. TXAPELKETA

SAILKAPENA

1. Nerea Arruti 17:33.47

2. Nerea Sorondo 21:05.52

3. Laiene Pikabea 23:42.63

4. Oihana Fernández de Barrena 23:59.07

5. Lucía Orbe 26:02.86

6. Irati Astondoa 28:30.59 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!