Euskadiko Emakumezko Aizkolarien finalean arituko da Laiene Pikabea

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Bi urteko etenaldiaren ondoren, maiatzean itzuli zen Pikabea aizkolaritzara.

Bihar jokatuko dute final haundia, eguerdiko 13:00etan, Elgoibarko Kalegoen plazan.

Bihar jokatuko dute Elgoibarren Euskadiko Emakumezko Aizkolarien Txapelketako final haundia. Eguerdiko 13:00etan izango da, eta lehiakideen artean dago Laiene Pikabea epelearra. Berarekin batera arituko dira Nerea Arruti, Nerea Sorondo, Oihana Fernandez de Barrena, Lucia Orbe eta Irati Astondoa. 

Bi urteko etenaldiaren ondoren, maiatzean itzuli zen Pikabea aizkoran lehiatzera. Ekainaren 23an lortu zuen finalerako txartela, eta horrekin pozik dagoen arren, ez da nahi bezain sasoitsu prestaketaren iritsi azken egunetara: «Ez nago gustatuko litzaidaken puntuan. Asko kostatzen ari zait lehengo erritmoa hartzea eta sentsazio arraro xamarrekin nabil. Pozik nago helburua zelako finalean egotea, baina ez noa nire bertsio indartsuenean». 

Goi mailako finala izango da biharkoa, eta Pikabeak argi du inork ez duela ezer oparituko: «Sentsazioa daukat denborak hobetzeko asmoarekin joango direla denak, lan politak ikusteko aukera izango da. Oso indartsu daude fisikoki eta psikologikoki».

Biharko lanei dagokienez, sei mozketa egin beharko ditu aizkolari bakoitzak; 36ko bi enbor, 45eko beste bi enbor, eta bi kanaerdiko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!