Gaztain festak emango dio hasiera igandean udazkeneko egitarauari

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 17a, 00:00

Plazan eta frontoian izango da gaztain jatea eta sagardoa dastatzeko aukera. Patata tortilla lehiaketa eta erromeria ere izango dira.

Ereñotzun ohikoa bilakatu den ekintza bat izango da igandean: gaztain jatea eta festa egingo dute plazan eta frontoian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Baina gehiago ere izango du ospakizunak, plan borobila prestatu baitu Olak Auzo Elkarteak, arratsalderako. Horrela, auzoko sagardoen dastaketa egingo dute, eta gainera, ez du hutsik egingo patata tortilla txapelketak ere. Edonork hartu dezake parte, bakoitzak bere patata tortilla etxean eginda. Frontoian entregatu behar dira, arratsaldeko 18:00ak baino lehen.

Jaia girotzeko, Komerik erromeria taldeak jarriko ditu musika doinuak.

Udazkeneko lehenengo ekitaldia izango da gaztain festa, baina ez bakarra. Urriaren 27an, 'Auzoko basoak ezagutuz' ekimenarekin, Oberango basora irteera egingo dute, bertako zuhaitzak ezagutzera. Irteera goizeko 09:30etan izango da, plazatik. 

Azaroaren 8rako eta abenduaren 13rako, berriz, Barreterapia tailerra antolatu dute. Bi saioak Auzo Udaleko ganbaran izango dira, 18:30etan. Izenematea 688 780 356 telefono zenbakian egin behar da, eta prezioa 20 eurokoa izango da.

Azaroaren 23an, Leintz Gatzagara egun osoko irteera egingo dute auzotarrek. Goizetik abiatuko dira autobusez, Gatzaga museoa bisitatuko dute, eta ondoren bazkaria izango dute. Informazioa zehatza aurrerago emango dute.

Azkenik, abenduaren 1ean, Alain Zulaika magoak Magia inoiz baino gertuago ikuskizuna eskainiko du ludotekan, arratsaldeko 17:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!