ATZO bazkaldu zuten aurreneko aldiz Txirrita Eskolako haurrek jangela berrian. Txirrita Eskolak ez du horrelako zerbitzurik izan orain arte eta guraso elkartea eta ikastetxea bera pozik daude ´aspalditik datorren beharra` asetu delako. Jangela zerbitzuarekin Txirrita Eskola herriko gainerantzeko ikastetxeen pare dago zerbitzu mailan eta bertan bazkalduko duten 13 ikasleen gurasoek ez dute eguerdiko joan etorririk egin beharko. Hori garrantzitsua da kontutan hartuta Txirrita Eskolan ibiltzen direla, besteak beste, Epele eta Pagoagatik datozen haurrak.
Jangela ikastetxeko laborategia zen horretan jarri dute eta obra gurasoek bultzatu dute. Obra horiek egiteko dirulaguntza Udaletxetik eta Behemenditik jaso dute. Diru laguntza horiei eta gurasoen lanari eskerrak laborategia zena jangela bihurtu dute.
Lan askoren emaitza
Gurasoek aspalditik ikusten zuten beharra eskolan jangela jartzekoa eta urte hasieran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzara jo zuten. Delegaritzak bi aukera eman zizkietela adierazi diote Kronikari gurasoek: delegaritzak zuzenean kudeatzea zerbirtzua jangela ikastetxean jarrita, edo ikastetxetetik kanpo tabernaren batean antolatzea jangela delegaritzaren dirulaguntza jasota. Gurasoek aurrenekoaren alde egin zuten baina delegaritzak erantzun zien ez zutela aurrekonturik jangela egiteko eta gurasoek erabaki zuten laborategia moldatzea jangela jartzeko. Horrela lortu dute delegaritzak jangela kudeatzea eta zerbitzua ikastetxean bertan ematea. Gurasoek bultzatu dute proiektua beraz eta Txirrita Eskolako Kontseju Eskolarrak bideratu du eskaera.
Jangela zerbitzua jartzeak bestetik ekarri du eguerdiko garraio zerbitzua kentzea. Izan ere delegaritzak ez du jangelarako eta garraiorako dirulaguntza batera ematen eta aukeratu egin behar izan dute. Gurasoen gehiengoak jangelaren alde egin zuten eta hori dela eta guraso batzuek haurren bila joan beharko dute eguerditan.