Olazarretik Ugaldetxora joango da bihar laugarren ondarebidea

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Bertako bizilagunek emango dute inguruaren berri.

Olazarrera joateko 10:45etan geldituko dira Ereñotzun, eta gero mokadua egingo dute Ugaldetxon.

 

Ereñotzuarren harrera ona ikusita, laugarren ondarebidea antolatzea erabaki du Olak Auzo Elkarteak. Bihar egingo dute, eta oraingoan Olazar eta Ugaldetxo elkartuko dituzte ibilaldi aberasgarrian. 

Goizeko 11:00etan abiatuko dira Olazarretik, eta bidean Urmendi, Leitzane, Urruzone, Olaberri, Bezkita eta Agirreberriko kontuak jasoko dituzte. Ondarebidea amaitzeko, Pikoagara joango dira lehenik, eta Ugaldetxora ondoren, tartean Aparraingo kontuak adituta. Ohiko modura, mokadutxo batekin amaituko dute jarduera.

Ondarebideek aukera paregabea ematen dute eremua hobeto ezagutzeko: «Inguruko kontuak, istorioak eta ondarea bertatik bertara eta bertako bizilagunen ahotik ezagutzeko aukera eskain­tzen dute ibilbide hauek».

Aurreko saioetan Lastaolan eta Fagollagan, Epelen eta Pagoagan egin dituzte ibilaldiak, eta bihar Olazarrera joateko 10:45etan jarri dute hitzordua Ereñotzun.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!