Elgoibarko saioa irabazita, zuzenean final laurdenetara sailkatu da Eli Pagola

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 23a, 08:54

Eli Pagola Elgoibarko saioan.

487,5 puntu eskuratu zituen atzo bertsolari ereñotzuarrak, eta Azkoitian arituko da urriaren 26an. Igande honetan hasiko dute txapelketa Anatxek eta Martikorenak.

Eli Pagola ereñotzuarrak irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final zortzirena. Elgoibarko Herri Antzokian jokatu zen saioa, eta 487,5 puntu eskuratu zituen Pagolak. Garaipenarekin, final laurdenetan aritzeko txartela zuzenean eskuratu du, eta Azkoitian arituko da urriaren 26an, Ane Labakarekin batera. 

Atzokoan koska haundiarekin gailendu zen Pagola, ariketa guztietan puntuazio altua mantenduta. Puntu kopuru haundiena ganbarako ariketan lortu zuen, 'Beti itzalean egon zara, baina askok uste baino gehiago agintzen duzu' gaiari erantzunda. Horrez gain, lauko haundian eta hamarreko txikian ere nabarmendu zen. 

Sailkapena honela geratu zen Elgoibarren: Eli Pagola Apezetxea (487,5), Eneko Araiztegi Agirre (454,5), Iñaki Apalategi Astigarraga (451,5), Unai Izagirre Etxeberria (446), Libe Goenaga Arrieta (436) eta Uxue Fernandez Lasa (430). 


Anatx eta Martikorena izango dira hurrengoak

Asteburu honetan jarraipena izango dute Gipuzkoako Txapelketako final zortzirenek. Larunbatekoan, Hondarribiako saioan, ez da bailarako ordezkaririk izango. Igandeko saioan, ordea, Hernaniko Bertso Eskolako bi kide arituko dira: Andoni Mujika 'Anatx' eta Eñaut Martikorena. 

Andoaingo Bastero kulturgunean izango da igandeko saioa, arratsaldeko 17:00etan. Bailarako bi bertsolariez gain, Manex Mujika, June Aiestaran, Endika Igarzabal eta Aitor Salegi oholtzaratuko dira. 

Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!