Auzotarrek egindako harrera ona ikusita, laugarren ondarebidea antolatu du Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak. Irailaren 29an izango da, eta Olazar eta Ugaldetxo elkartuko dituzte ibilaldian.
Goizeko 11:00etan abiatuko dira Olazarretik, eta bidean Urmendi, Leitzane, Urruzone, Olaberri, Bezkita eta Agirreberriko kontuak jasoko dituzte. Ondarebidea amaitzeko, Pikoagara joango dira lehenik, eta Ugaldetxora ondoren, tartean Aparraingo kontuak adituta. Ohiko modura, mokadutxo batekin amaituko dute jarduera.
Olak Auzo Elkartetik nabarmendu dute ondarebideek aukera paregabea ematen dutela bizi diren ingurua ezagutzeko: «Inguruko kontuak, istorioak eta ondarea bertatik bertara eta bertako bizilagunen ahotik ezagutzeko aukera ematen dute ondarebideek».
Aurreko saioetan Lastaolan eta Fagollagan, Epelen eta Pagoagan egin dituzte ibilaldiak, eta aldiro lortu dute 40 lagunetik gora elkartzea. Oraingoan ere bertako bizilagunak ardurartuko dira azalpenak emateaz.
Hurrengo igandean Olazarrera joateko 10:45etan jarri dute hitzordua Ereñotzun. Eguraldi txarra egingo balu, atzeratu egingo da jarduera. Dena den, aurretik abisatuko dute.