Aurreko asteburuan hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Final zortzirenak jokatzen ari dira orain, eta Eli Pagola Apezetxea ereñotzuarraren txanda izango da gaur. Elgoibarko Herri Antzokian izango da saioa, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Pagolarekin batera, ondorengo bertsolariak oholtzaratuko dira Elgoibarren: Eneko Araiztegi Agirre 'Korta', Iñaki Apalategi Astigarraga, Libe Goenaga Arrieta, Unai Izagirre Etxeberria eta Uxue Fernandez Lasa.
Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da final laurdenetara, eta Azkoitian arituko da urriaren 26an.
Datorren astean abestuko dute Anatxek eta Martikorenak
Hurrengo asteko igandean bailarako beste bi bertsolariren txanda izango da. Andoaingo Bastero kulturgunean arituko dira Andoni Mujika Izagirre 'Anatx' eta Eñaut Martikorena Lizaso. Hauek ere arratsaldeko 17:00etan.
Bailarako bi bertsolariez gain, Endika Igartzabal Murua, June Aiestaran Iparragirre, Aitor Salegi Martija eta Manex Mujika Amunarriz arituko dira Basteron.
Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.