Aste honetan jarriko dituzte martxan Ereñotzun, beste ikasturte batez, adinekoei zuzendutako bi ekimen: 'Berriketan' eta 'Ttapa-Ttapa'. Ereñotzuko Auzo Udalak antolatu ditu biak, eta parte hartzera animatu ditu adineko auzotarrak.
Gaur bertan hasiko da aurrenekoa, 'Berriketan'. Asteazkenero elkartuko dira Auzo Udaleko aretoan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, solasean aritzeko, denborapasak egiteko, karta jokoan aritzeko, meriendatzeko...
'Ttapa-Ttapa' egitasmoa, berriz, ostiraletan egingo dute, eta etzi izango da aurreneko saioa. Goizeko 09:45etan elkartuko dira frontoian, eta pasea osatuko dute auzoan barrena, elkarrekin. 60 urtetik gorako auzotarrei zuzenduta dago, eta norbaitek garraioa beharko balu, Auzo Udalak lagunduko dio.
Gainera, Auzo Udalak azaldu du boluntarioak behar dituztela paseo horietan bidelagun izateko. Hori horrela, ekimenean laguntzeko prest daudenei, eskatu diete Auzo Udalarekin harremanetan jartzea, 943 55 10 00 telefonora deituta.