Aurten ere, udaren amaierarekin batera, martxan jarriko dituzte Berriketan eta Ttapa-Ttapa ekimenak. Ereñotzuko Auzo Udalak abiarazitako egitasmoak dira biak, eta auzoko adinekoei zuzenduta daude. Berriketan ekimenaren aurreneko saioa irailaren 4an izango da, Auzo Udaleko aretoan, eta hortik aurrera, asteazkenero egingo dituzte saioak, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:00ak arte. Bertan, mahai jolasetan aritzeko, hitz egiteko eta sozializatzeko aukera izango dute adinekoek.
Ttapa-Ttapa egitasmoa, berriz, irailaren 6an hasiko da, ostiralarekin; eta goizeko 09:45etan jarri dute elkartzeko hitzordua, frontoian, ariketak eta paseotxoa egiteko. 60 urte baino gehiagoko auzotarrei zuzenduta dago, eta «ibiltzea osasuna denez», Ttapa-Ttapan parte hartzeko deia egin die Auzo Udalak. Gainera, garraioagatik bertaratu ezin dutenei laguntza eskainiko diete.
Bestalde, bidelagun izateko boluntarioak behar direla ere jakinarazi dute. Hori horrela, ekimenean laguntzeko prest dagoenak, 943 55 10 00 telefono zenbakira deitu dezake.