Parranda girorik ez da faltako Ereñotzun San Antonio jaietako azken bi egunetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Sagardo probaketa egingo dute bihar eguerdian.

Gaur goizeko 11:00etan hasiko dira haurrentzako jolasak, eta eguna asko luzatuko da Itzal taldearen kontzertuarekin. Bihar sagardo probaketa izango da goizeko protagonista, eta bertso jaialdiak hartuko du lekukoa arratsaldean. Jaien amaierako suziria arratsean botako dute. 

Festa giroak ez du etenik Ereñotzun. San Antonio Jaietako asteburua hasiko da gaur, eta egun osoan zehar izango da jarduera ezberdinekin gozatzeko aukera. Larunbata izaki, batzuen eguna dexente luzatuko dela aurreikusi daiteke. 

Haurrei zuzendutako plana izango da gaur goizekoa; izan ere, 11:00etatik aurrera puzgarriek beteko dute frontoia. Txikienek nahieran gozatzeko tartea izango dute askotariko jolas-gune eta musikarekin girotutako eremuan.

Ohikotasunera itzuliko da frontoia arratsaldean, pelota partiduak jokatuko baitituzte 18:00etatik aurrera. Emakumezkoen pala partiduarekin hasiko da jardunaldia; Ane Kerejeta eta Enara Mazizior ereñotzuarra Nagore Muruaren eta Nahia Ehizmendiren aurka arituko dira. Ondoren, gizonezkoek jokatuko dute eskuz binaka; Beñat Apezetxea-Antton Apezetxea bikoteak aurrean izango du Eñaut Lizeaga-Unax Landa bikotea. 

Kirol saioa amaituta, dena prest izango dute ereñotzuarrek parrandarako. Itzal taldea izango da protagonista; arratsaldeko 20:00etan eskainiko dute lehenengo saioa, eta gaueko 00:30etan itzuliko dira berriro plazara, goizeko ordu txikiak arte jarduteko. Tartean, DJ Gorkamendik emanaldia eskainiko du gaztetxoentzat, eskolako patioan.
 

Sagardoa eta bertsoak, bihar

Biharkoa izango da aurtengo San Antonioetako azken eguna, baina giroak bere horretan jarraituko du. Hernaniko txistulariak arduratuko dira lotiak esnatzeaz, eta ondoren bi protagonista nagusi izango dira: sagardoa eta bertsoa. 

Urtero jende ugari elkartu ohi duen sagardo probaketa izango da eguerdian. Bertan, bailarako zazpi sagardotegitako produktuak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ondorengo sagardotegiek hartuko dute parte: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua Enea, Olaizola, Goiko Lastola eta Larre Gain. 

Bertsoaren txanda arratsaldeko 18:30etan iritsiko da. Beste behin punta puntako jaialdia prestatu dute; Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Alaia Martin arituko dira kantuan.

 

SAN ANTONIOAK 2024

EREÑOTZU

GAUR

11:00 Puzgarriak frontoian.

18:00 Pelota partiduak:

PALAN BINAKA:
A. Kerejeta-E. Mazizior/
N. Murua-N. Ehizmendi

ESKUZ BINAKA:
B. Apezetxea-A. Apezetxea/
E. Lizeaga-U. Landa

20:00 Itzal taldearen
lehenengo saioa plazan.

21:30 DJ Gorkamendiren
emanaldia gaztetxoentzat
eskolako patioan.

00:30 Itzal taldearekin
parranda goizaldera arte.

BIHAR

08:30 Hernaniko txistulariekin diana bailaran barrena.

10:00 Meza nagusia.

11:00 Ttarla dantza taldearen emanaldia frontoian.

12:00 Sagardo probaketa
plazan, Ur Miak antolatuta.

SAGARDOTEGIAK: Elutxeta,
Iparragirre, Elorrabi, Otsua Enea, Olaizola, Goiko Lastola eta Larre Gain.

18:30 Bertso Jaialdia: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Alaia Martin.

Ondoren, errifaren zozketa eta jaiei amaiera suziriak jaurtiz.

 

AUTOBUS ZERBITZU BEREZIA:
Zinkoeneatik irteera:
00:00 eta 03:00

Ereñotzutik irteera: 00:30, 03:30 eta 06:00

Erlazionatuak

Ereñotzuko San Antonioak - Ostirala

Kronika - Erredakzioa eka 14 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!