«Beti ematen digu errespetua Ereñotzun jotzeak, baina sekulako ilusioarekin hasiko dugu bertan agur bira»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Herri Urratsen eskainitako kontzertuan, Esne Beltzako taldekideak.

Agur birako lehenengo zuzenekoa eskainiko du Esne Beltzak hilaren 7an, Ereñotzun. Taldeko abeslari ereñotzuarrak aitortu du gogoz daudela eta eskainiko duten azken kontzertua noiz izango den ere aurreratu du.

Ekainaren 7an, hitzordu garrantzitsua dute ereñotzuarrek, izan ere, Esne Beltzak agur biraren lehenengo zuzenekoa eskainiko du, gaueko 23:30etan. Kontzertu horretan, taldeak argitaratutako Esne Bidea diskoa zuzenenean entzuteko aukera izango dute auzotarrek. Hori horrela, Xabi Solanok Kronikarekin elkarrizketa txiki bat izan du, azken birari buruz eta 2025eko Esne Beltzaren azken emanaldiari buruz jarduteko: «pena haundia ematen du, baina ziklo batzuk itxi egin behar dira, berriei hasiera emateko».

 

Iaz iragarri zenuten 2024garren urtean agur bira egingo duzuela, eta Esne Beltzaren ibilbidearen azken kontzertua, berriz, 2025ean. Agur biraren lehenengo kontzertua etxean, Ereñotzun. Zer moduz zaudete? 

Gogotsu gaude; izan ere, bira hau prestatzen ibili gara oso motibatuak, Mikel Irazokirekin. Berako musikari bat da, Emeak taldean baxua jotzen zuena, Bizkarrezurra taldean ere bai. Gaur egun, Ana Torrojarekin aritzen da, eta berarekin prestatu dugu dena. 

Ereñotzun hasiko da bira horren lehenengo kontzertua. Disko berria atera genuen eta bertako abestiak zuenean lehenengo aldiz joko ditugu Ereñotzun. Beraz, gogoz eta irrikaz gaude. 

 

Ereñotzun izanik birako aurreneko kontzertua, berezia izango da ezta? 

Bai, Ereñotzun kontzertua eskaintzeak beti ematen digu errespetua. Taldeko batzuk bertakoak gara, ni orain Hernanin bizi naiz baina Ereñotzun jotzeak beti pizten digu barruan nolabaiteko nostalgia. Azkenean gogoratzen duzu bertan bizitako guztia eta gainera bertan jotzeak jende ezagunak entzutea dakar. Ikusten dituzu lagunak, herriko ezagunak… polita da oso, baina presio puntu bat ere badauka, gainera gehitzen badiogu ‘Agur birako’ lehenengo kontzertua izango dela…. Baina oso berezia izango da, plan ederra baita zure ingurukoekin honelako momentu bat pasatzea.

 

Esne Beltzak ibilbide oparoa egin du, oholtza askotan eskaini dituzue kontzertuak eta plazak bete dituzue. Zer moduzko esperientzia izan da?  

Datorren urtean joko dugu azken kontzertua eta guztira 18 urte izango dira taldea sortu genuenetik. Lehenengo diskoan 2008an atera genuen, baina aurrez, 2007an jotzen hasiak ginen dagoeneko. 

Urte hauetan, talde guztiak bezala eduki ditugu gure momentu onak, txarrak, negar egitekoak, pozez zoratzekoak… Begiratzen duzu atzera eta ikusten duzu lortu duguna lortzea ezinezkotzat joko genuen duela 18 urte. Abesti asko oso ezagunak bihurtu dira, eta diskoetan beti dago abesti bat asko gustatzen zaiena entzuleei. 

Bestalde, ikusi dugu guretzako oso esanguratsuak diren ekimenetan eta proiektuetan hartu dugula parte; hala nola, kilometroetan, Goizuetako jaietako abestia gurea da, Ondarruko Zapato Azuleko abestia, Topaguneko abestia… oso eskertuta gaude 18 urte hauek eman digutenagatik. Batik bat gure zalegoak eman diguna daukagu eskertzeko, azkenean haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango. 

 

Azken urteko birako momentuak gozatu nahiko dituzue ezta?

Bai, gainera aurtengo urtean 25 kontzertu eskainiko ditugu guztira. Tartean Japonera bidaia daukagu hitzartuta bertako jaialdi ospetsu batean hartuko baitugu parte: Fuji Rock jaialdian. Horrez gain Alicanten ere eskainiko du kontzertu bat eta data guzti hauek udan argitaratuko ditugu. 

 

Datorren urtean, azken kontzertua.

Bai, 2025ean emango dugu Esne Beltza bezala azken kontzertua, eta aurreratzen dugu otsailean izango dela. Oraindik zehaztu gabe daukagu non izango den, baina festa haundi bat egingo dugula ospatzeko egindako ibilbide guzti hau. Jai horretan kolaborazio mordoarekin kontatuko dugu, beraz, argi daukagu sekulako agurra izango dela.

 

Pena haundiarekin bada ere, ibilbideari amaiera emateko gogoz? 

Bai, egia da pena haundia ematen digula denoi, baina beti esan dugu jakin behar dela zikloak ixten, gauzak amaitzen eta gauza berriak ikasten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!