Arrondoko 'pasilloa' eta Urdaburuko tontorra, Ereñotzuko Mendi Lasterketako korrikalarien zain

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Hainbat korrikalari ilaran, Arrondoko antenako aldapan, joan den urteko Ereñotzuko Mendi Lasterketan.

Gaur goizean jokatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketaren 12garren edizioa, 10:00etan frontoitik abiatuta. 11,75 kilometroko ibilbidea osatuko dute 200 partehartzaileek, Aiako Harria Parke Naturalean barrena.

Ereñotzun daukate urteroko zita, gaur goizean, mendi korrikalariek. 12garren edizioa izango du Ereñotzuko Mendi Lasterketak, 10:00etan plazatik abiatuta. Beste urte batez dortsalak agortuta, 200 partehartzailek osatuko dute 11,75 kilometroko ibilbide gogorra, Aiako Harria Parke Naturalean barrena.

Aurreko urteetako berbera izango da ibilbidea. Frontoitik atera, eta berehala abiatuko dira gorantza, bi aldapa gogorrekin: aurrenekoa, Txilibita baserritik Larre Gain sagardotegira eramango dituena; eta bigarrena, Larre Gaindik bertatik Arrondoko antenara bitartekoa. Bertan izango dituzte zain ikusle asko, aurreko urteetan 'pasilloa' ere osatu izan baitute, korrikalariei animoak emanez.

Hortik aurrera, gainez gaineko bidea hasiko dute partehartzaileek. Akola, Igorin, Malbazar eta Pagosardeko paraje ederretatik pasako dira, lasterketako punturik altuenera iritsi aurretik: Urdaburuko tontorrera. Bertako ikuspegiaz gozatzeko tarte haundirik gabe, jaitsiera azkarra eta sigisagatsua hasiko dute, baina tranpatxo bat topatuko dute oraindik. Pagoetako gaineko aldapa apenas dira 300 metro, baina indar apur bat gorde ez duenak... 

Eta han goitik bai, bizi-bizi egingo dituzte azkeneko hiru kilometroak, tartean Usoko Erreka zeharkatuta, Ereñotzuko helmugara iristeko. Aurrenekoek ordubete inguru beharko dute, eta 12:30ak aldera iritsiko da azkenekoa. Orduan banatuko dizkiete sariak, hiru emakumezko eta gizonezko onenei, eta ereñotzuar azkarrenei. Eta segidan, indarrak berritzeko eta kontu kontari aritzeko tartea izango dute luntxarekin, frontoian bertan.

Gainera, aurreneko korrikalariez gain, beste asko ere bueltatuko dira sariarekin etxera. Izan ere, babesleen 100 produktu inguru zozketatuko dituzte. 

Haurren lasterketa lehenago, auzoan barrena

Helduen lasterketaren aurretik, haurrek ere izango dute bere korrika saioaz gozatzeko aukera, beste urte batez. Goizeko 09:30ak aldera abiatuko dira frontoitik bertatik, eta ibilbide labur bezain gorabeheratsua osatuko dute auzoan. Doakoa izango da, eta probaren aurretik eman beharko dute izena, frontoian. Adin guztietako haurrek hartu dezakete parte; txikienek, gurasoen laguntzaz ere osatu dezakete ibilbidea. Helmugara iristean, haiek ere izango dute indarrak berritzeko aukera.

Lasterketako argazkiak eta sailkapena, Kronikan ikusgai

Ereñotzuko Mendi Lasterketan izango da Kronika ere, eta argazki albuma ikusgai izango da datozen egunetan, 'kronika.eus' webgunean. Gainera, lasterketaren sailkapen osoa argitaratuko du datorren astearteko alean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!