Goizutraileko eta Zegama-Aizkorriko ajeak pasata, hirugarren astez jarraian izango dute festarako aukera, Urumea bailarako mendi lasterketen zaleek. Izan ere, larunbat honetan jokatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketaren 12garren edizioa.
Goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak Ereñotzuko frontoitik, eta ohiko 11,75 kilometroko ibilbidea osatuko dute, 835 metroko desnibel positiboarekin, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Urdaburuko tontorra izango dute punturik altuena, zazpigarren kilometroan. Bertara iristeko, Txilibita baserritik Larre Gain sagardotegira eta Arrondoko antenara igoko dira zuzenean, eta gainez gain egingo dute bidea, Akola, Igorin, Malbazar eta Pagosardeko parajeetatik. Jaitsiera azkarra bezain sigisagatsua izango dute Ereñotzura bueltatzeko.
200 korrikalarik hartu dezakete parte, eta 20 dortsal besterik ez ziren geratzen atzo. Izenemateak rockthesport.com webgunearen bitartez egin daitezke, 18 euroan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, plataforma arazoak ematen ari da, izenematea mugikorretik egiten saiatzerakoan pantaila txuri geratzen baita. Halakorik gertatuz gero, ordenagailu batetik saiatzea gomendatu dute.
Helduen probaren aurretik, haurren lasterketa ere egingo dute, auzoan barrena. 09:45ak aldera abiatuko dira, eta horretarako izenematea frontoian bertan egin beharko da, lasterketaren aurretik. Doakoa izango da, eta adin guztietako haurrentzat irekia. Txikienak, helduek lagunduta joan daitezke.
Eguerdiko 12:30ak aldera iritsiko da lasterketa nagusiko azkeneko korrikalaria, eta orduan egingo dute sari banaketa: hiru emakumezko eta gizonezko azkarrenak, eta Ereñotzuko onenak. Gainera, makina bat produktu zozketatuko dituzte, eta luntxa izango da bukaeran.