Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak beste ondarebide bat antolatu du. Ekainaren 2an 11:00etan jarri dute hitzordua, Benta Berrin, eta Pagoaga auzoa ezagutuko dute, paseatuz. Handik Naparraldera eta Pagoagara joango dira, eta bertako istorioak eta ondarea bertako bizilagunen ahotik ezagutzeko aukera izango du nahi duenak. Eskola, errota, mikelete etxea, ermita eta leku berezi gehiago izan ziren han, eta horiek denak eta gehiago ezagutzeko aukera izango da.
Benta Berrira joateko, 10:45etan geldituko dira Ereñotzun, ahalik eta ibilgailu gutxien mugitzeko. Ibilaldiaren ondoren mokadu bat egingo dute, Pagoagan bertan. Euria egingo balu, paseoa atzeratu egingo dute, baina jakinaraziko dute hala bada.
Bertako ondarea ezagutzeko ekintza da ondarebidea, eta hau da Olak Auzo Elkarteak antolatu duen hirugarrena. Lehena Lastaolan eta Fagollagan egin zuten, eta bigarrena, Epelen. 40 lagun baino gehiago elkartu dira aurreko aldietan, ume zein heldu. Paseo txikiak eginez eta bidean geldituz, inguruko ondarea eta istorioak kontatzen dituzte bertan bizi diren lagunek, horrela ondarea ezagutzeko beste modu bat da.
Latsen Olak egindako murala ikusi daiteke
Bestalde, Latseko produktu kimikoen lantegia zenaren pareta batean mural bat pintatu zuten martxoan, Olak Auzo Elkartearen ekimenez. Gazte Txokoan ibiltzen diren hamar bat gaztek pintatu zuten, Sofia Arostegi margolariak egindako diseinuan oinarrituta eta hark lagunduta. Joan den urtean, Latseko fabrikan egiten zena ezagutzera emateko hitzaldi bat eta ekintza batzuk egin ziren, eta muralak borobildu egiten du lan hori: egurretik abiatuta lantegian egiten ziren prozesu guztiak eta sortzen ziren produktuak erakusten ditu muralak. Goizuetatik Ereñotzurako bidean, errepide ondoan dago. Kartel bat ere jarri zuten, eta karteleko informazioarekin integratuta gelditu da murala.