Udalekuen zerbitzua kontratatzeko deialdia martxan, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 9a, 00:00

Ereñotzuko haurrei udaleku zerbitzua eskaintzea da kontratuaren helburua.

Maiatzaren 11ra arte aurkeztu dezakete proposamena, udalekuak antolatu eta bideratu nahi dituztenek.

Aurtengo uztailean Ereñotzun udalekuak izan daitezen, horiek antolatu eta bideratzeko zerbitzua esleitzeko prozesu irekia abiatu du Auzo Udalak. Apirilaren bukaeran argitaratu zuten deialdia, eta maiatzaren 11ra arte aurkeztu daitezke proposamenak; larunbat honetara arte, alegia.

Bi urterako kontratua izango da, eta beste urtebetez luzatu daiteke. Oinarrizko aurrekontua 14.948,79 eurokoa (gehi %10eko BEZa) izango da urteko.

Proposamenak internet bidez aurkeztu beharko dira, www.contratacion.euskadi.eus plataformaren bitartez. Aurkeztutako proposamenak baloratzeko, honako irizpideak erabiliko dituzte: balio-judiziozko irizpideak (gehienez ere 49 puntu), proiektua eta programa baloratzeko; eta automatikoki baloratuko diren irizpideak (gehienez ere 51 puntu), eskaintza ekonomikoari (0-31 puntu) eta proposatzen den koordinazio eta begirale taldeari (0-20 puntu) dagozkionak. Kontratua eskuratzen duenari, sinatzean ordainduko diote %30a, ekintzaren bukaeran (2024ko uztailaren 31rako) %60a, eta memoria aurkeztean (beranduenez 2024ko irailaren 30erako) %10a.

Honakoak dira programaren helburuak, besteak beste: haurrekin aisialdi hezitzailea eta erakargarria antolatzea; parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; harreman osasuntsu, juxtu eta asegarriak jostea; askotariko jarduera fisiko eta kirol jarduerak probatzea eta ezagutzea, eta horiekin gozatzea; aniztasuna errespetatzea eta balore gisa lantzea; udalekuak euskeraz garatzea eta euskeraren erabilera soziala indartzea; Ereñotzu bailararen eta bertako eragileen inguruko ezagutza areagotzea...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!